Hilezkortasunaz

1936an gertatu zen, La Pedrajan (Burgos). Estatu-kolpeari aurre egiteagatik hildako 104 pertsonaren gorpuak ezkutatu zituzten hobi batean. Handik 74 urtera, lurpetik atera zituzten haien arrastoak Aranzadiko kideek, eta, hezur biluzien artean, 45 garun eta bihotz bat aurkitu zituzten, gertatutakoaren lekuko isil. Organoak nola saponifikatzen diren ikertzeko aukera bikaina eman du, eta, bide batez, baliabide berri bat eskaini du, aspaldiko aztarnategietan ere halakoak badirela konturatzeko balio izan baitu. Gaia zabaltzeko modukoa iruditu zaigu.

Organoak hilezkor bihurtzea zorizkoa izan bada ere, hilezkortasuna gizakion buruan dabil duela milaka urtetik hona. Nola lortu zahartzaroa eta heriotza atzeratzea? Gure dietako kaloriak gutxituta bizia luza dezakegula diote hainbat teoriak, baina zenbaterainoko sinesgarritasuna dute? NIHk babestutako ikerketa batek sinesgarritasuna aitortu die, frogatu baitu kaloriak % 15 murrizteak pertsonen zahartzea moteltzen duela.

Bizia luzatzeko gurean erabiltzen diren estrategia gehienak, ordea, ez datoz dieta osasuntsu eta ez hain oparoa egitetik. Gero eta botika gehiago hartzen dituzte adinekoek, eta zalantzazkoa da bizi-kalitatea bermatzen ote duen horrek. Medikuntzak badu garaia zahartzaroaren aurrean zer jarrera hartu behar duen birplanteatzeko. Hala, Osakidetzako bi medikuren hausnarketak jaso ditugu: Iñaki Peña Bandres, doluan aditua, eta Felipe Aizpurua Barandiaran, ikertzailea.

Baina bestelako gaiak ere ekarri ditugu zenbaki honetan: besteak beste, auto autonomoak eta big data sanitarioa. 2018ko maiatzean sartu da indarrean datuen babeserako lege berria, eta pazienteen datuak ikerketa zientifikoan erabil daitezkeen arautzeko garaia iritsi da. Zer dago jokoan? Arriskuan al dago gure intimitatea? Eztabaidarako abiapuntu izan nahi du Pilar Nicolás Jiménezi egindako elkarrizketak.

CAF-Elhuyar sarietako irabazleen lanak ere argitaratu ditugu. Goza itzazue, hemengo ikertzaileek eta kazetariek zientzia-dibulgazioan duten mailaren erakusle baitira. Aurtengo Merezimendu Saria EKAIA EHUren Zientzia eta Teknologia aldizkariak jaso du. Badu meritua Unibertsitatean euskaraz egindako ikerketaren aitortzarako egindako lanak. Zorionak egindako bideagatik!

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila