Munduko gauzarik arruntena da gure gorputza geurea dela sentitzea. Dena ondo, halaxe sentitzen dugu esnatzen garenetik lokartzen garenera arte, eta halaxe sentitzen ditugu gorputzeko atalak ere. Berezkoa dirudi hala izatea, baina asaldurek eta neurozientziak irakatsi digute ez dela hala. "Gure gorputza geurea" dela sentitzea kontzientzia eraikia da, eta hori frogatzen dute Henrik Ehrsson ikertzaileak Karolinska Institutuko Brain, body & self laborategian zuzendutako esperimentu deigarriek.
Hala, esperimentuetan parte hartu duten boluntarioei gorputzetik kanpora egotearen irudipena eragin die Ehrssonen taldeak, eta sinetsarazi, adibidez, gomazko beso bat berena zela, edo hiru eskuren jabe zirela. Halaber, hainbat neurritako panpinen gorputza berena balitz bezala ikusaraztea lortu dute, barbie baten gorputzean harrapatuta zeudela, kasurako.
Garunean pertzepzio hori sorrarazteko, ikusizko eta ukimenezko seinaleak asaldatzen dituzten trikimailuak baliatzen ditu Ehrssonen taldeak. Ikerketaren helburua ez da, ordea, ilusionisten pare jokatzea, baizik eta ulertzea nola gertatzen den garunaren, gorputzaren eta inguruaren arteko elkarrekintza. Seinale sentsorialak asaldatuz, ikasi nahi dute nola eraikitzen duen garunak norberaren gorputzaren barnean sentitzearen pertzepzioa.
Oso urrutira joanez, pertsonak simulatutako gorputzen jabe sentiaraziko dituzten aplikazioak irudikatzen dituzte ikertzaileek. Adibidez, zirujau bati bere burua mikrorobot baten lekuan ikusteko aukera emango dion aplikazio bat, hala, ebakuntza pazientearen gorputzaren barruan balego bezala egin ahal izateko. Hain urrutira joan gabe, esperimentuen emaitzak lagungarri izan litezke gorputz-adar mamuaren asaldura hobeto ezagutu eta tratatzeko. Eta aldizkari honetatik mugitu gabe, aukera ederra dira segurutzat jotzen dugun sentipen bat zein harrigarriro asalda daitekeen ikusteko.