Gure gizarte-eredua krisian?

Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber

Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren zuzendaria

Azkenaldian, inoiz baino argiago gelditzen ari da ingurumen-krisialdi orokor batean gaudela: klimarekin, energiarekin eta ekologiarekin lotutako krisialdian bai, behinik behin. Nabari da aldaketa baten beharra, baina gure gizarte-eredua eta gure kontsumo-eredua hain errotuak ditugunez, zaila gertatzen ari da trantsizioa. Gaindegiaren datuek argi utzi dute trantsizio energetikoa, bederen, fikziozkoa dela Euskal Herrian, oraingoz. Irakurtzeko modukoak dira Gaindegiako eta Goienerreko arduradunek egindako hausnarketak.

Eta, haien osagarri, ekonomialari baten ikuspegia ere ekarri dugu, Unai Pascual García de Azilu BC3ko ikertzailearena. Naturaren eta ekonomiaren arteko harremanaz hitz egin du luze eta zabal, eta naturatik urrundu izanak gugan eta ekonomian izan dituen ondorioak azpimarratu ditu. Argi dago krisialdi sozioekologiko honek ertz asko dituela eta ezin ditugula denak ebatzi, baina espero dugu zenbaki honek hausnarketarako ekarpen baliotsua egitea.

Bestetik, adimen artifizialak gizarte modura planteatzen dizkigun erronkei ere heldu diegu, analisien atalean. Izan ere, gure gizartearen mundu-ikuskeraren adierazpen bat ere bada adimen artifiziala. Duen ahalmen ikaragarria ikusita, bada azkarregi garatzen ari dela dioenik; aurrez erantzun beharreko galdera asko ikusten dituzte. Horren adibide dira Gorka Azkune Galparsoro informatikariak eta Helena Matute Greño psikologo esperimentalak planteatu dituzten auziak, legezkoak zein teknikoak. Eta, haien iritzien osagarri, Gai libreen atalean, Olatz Arbelaitz Gallego eta Elena Lazkano Ortega EHUko ikertzaileek generoaren ikuspegitik egin duten ekarpena.

Azkenik, minbizia sendatzeko ahaleginean itxaropen handia sortzen ari den tratamendu berri bati buruz ere aritu gara. Immunoterapiaren aldaera bat dakargu: CAR-immunoterapia. Ez da edonorentzako tratamendua, baina oso itxaropentsua da. Ate bat ireki die ohiko tratamenduek huts egiten duten kasuei.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.