Gure gidalerroak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Gizartea aldatu ahala, Elhuyar aldizkaria ere egokitzen joan da. Are gehiago, bilakaeran eragiteko asmoa ere izan du, bere printzipioen bidez. Haietako batek hastapenetatik iraun du, aldizkariaren muinean: euskaraz komunikatzea. 

Zientziaz euskaraz arituta, euskara hizkuntza osoa zela, dela, frogatu nahi izan zuten aldizkariaren sortzaileek. Ondo frogatu zuten hala dela. Eta jarraitu dugu euskaraz egiten, euskal gizartera iristeko tresnarik egokiena delakoan. 

Horrez gain, eta ingurumenari buruz komunikatzeko Elhuyarrek argitaratutako  dekalogoan ageri den moduan, euskara erreminta baliagarria da naturarekiko atxikimendua indartzeko eta jasangarritasunaren aldeko eragile bihurtzeko.

Hain zuzen, ingurumenarekiko arduratsu izatea da aldizkariaren beste zutabeetako bat. Bizi ditugun garaiok hala eskatzen dute. Zientzialariek aspalditik zituzten ebidentziak klimaren, biodibertsitatearen eta osasun globalaren bilakaerari buruz, eta aldizkariak haien berri eman du. Orain, horretan sakondu nahi dugu, egoeraz jabetzeko ikuspegi zientifikoa eta kritikoa eskainiz irakurleei. Gure helburua da irtenbideak eta jarrera-aldaketak proposatzea, eraldaketa sozialean laguntzeko.

Horretarako, ezinbestekoa iruditzen zaigu ikuspegi feminista txertatzea, aldizkaria ekoizteko prozesuetatik hasi, eta argitaratzen ditugun edukietara eta edukiok plazaratzeko moduetara arte. Paradigma-aldaketa bat bultzatu nahi dugu, egitura patriarkalak eraisteko, eta gizarte berdinzaleago eta justuago bat eraikitzeko, beste bizidunak ere aintzat hartuko dituena, beste harreman-mota batzuk izango dituena ingurukoekiko eta ingurunearekiko.

Gidalerro hauek (euskara, ingurumenarekiko ardura eta feminismoa) etengabe gogoan izan eta garatu behar ditugu. Hori da gure konpromisoa; irakurleekiko eta gizartea­rekiko dugun konpromisoa. Asmo handinahia da, eta apal heltzen diogu, jakinda beti ez dugula lortuko. Baina ahaleginduko gara.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila