COVID-19aren datuek erakusten dute ingurumenaren degradazioak eta klima-larrialdiak zoonosi eta gaixotasun berriak ekarriko dizkigutela, zerbait egin ezean. Prest gaude gure bizimodua aldatu eta ingurumenaren krisialdi honi erroetatik heltzeko? BC3ko zuzendari María José Sanz Sánchezi egin diogu elkarrizketa. Ibilbide profesional luzea du zientzian, klima-larrialdiaren nazioarteko konbentzioetan eta lankidetza-agentzietan. Baina ez du uste larrialdiaren irtenbidea garapen zientifiko eta teknologiko konplexuetan dagoenik. Begirada integral eta sentikor batez, gizakiok elkar ulertzeko eta gure balioak berrikusteko dugun gaitasunari ikusten dio potentzialik handiena.
COVID-19ak, erronka sozial handiez gain, ekarpen handiak ere utzi dizkigu zientzian. Esaterako, urteetan garabidean egon den teknologia bat gauzatu egin da: mRNA-txertoak. Txertoen belaunaldi berri bat sortuko al da hemendik aurrera? Isabel Sola Gurpegi ikertzailearen taldean garatzen ari diren mRNA-txerto autorreplikatibo eta esterilizatzailea ekarri dugu adibide gisa.
Minaren eta tristuraren medikalizazioaren gaia ere ekarri dugu aldizkarira. Izan ere, analgesikoak, antsiolitikoak eta antidepresiboak gero eta ohikoagoak dira mina eta osasun mentaleko ondoezak tratatzeko. Isilean hedatzen ari dira gizartean, eta zientzialariek ez dakite zer ondorio izango dituen halakoak luzaro hartzeak. Gai zaila eta labainkorra da, baina ezinbestekoa iruditu zaigu osasun-sisteman nola kudeatzen den hausnartzea.
Eta, horrez guztiaz gainera, zenbaki honek teknologia erraldoi bat du protagonista: 5G-a. Dagoeneko hemen dugu, eta harekin etorriko dira hamaika aukera; baina ekarri ditu hainbat kezka ere: besteak beste, zibersegurtasuna eta arrakala digitala. Iñaki Alegria Loinaz eta Zaloa Campillo Mandaluniz adituek argi dute beharrezkoa dela lehenbailehen teknologiaren alderdi etikoak ongi lantzea. Eztabaidarako abiapuntu izan nahi du 5G-aren inguruko erreportaje honek. Sartu eta gozatu.
Elhuyarrek garatutako teknologia