Gizakia bere sehaskatik kanpora

“Lurra da gizakiaren sehaska, baina ezin dugu sehaska batean bizi betiko”. Tsiolkovski fisikariaren hitzek inoiz baino indar handiagoa hartu dute 2018an, “Ilargiaren urtea“ izan behar zuen honetan. Bospasei misiok dute Ilargia helburu, eta haietako batek lehenengo turistak eraman behar ditu Ilargia inguratzera. Urtea hastearekin batera, ordea, bertan behera geratu da Google Lunar X Prize lehiaketa, zeinak 20 milioi dolar eskaini baitzituen ibilgailu bat Ilargian jartzen zuen lehenengoarentzat. Itxaropen handia zegoen 2018rako, eta ikusi beharko da zertan geratzen den. Baina zenbateraino dute misio horiek helburu zientifikoa? Galdera horixe dakargu zenbaki honetan.

Ez dakigu zehazki zeri egin beharko liokeen aurre gizakiak Ilargian biziko balitz; esaterako, Lurreko birus eta bakterio kaltegarriez libratuko ote litzatekeen, ezta birusez libratzea komeni zaion ere. Izan ere, agerian geratzen ari da birusak onuragarri ditugula bizitzeko. Mikrobiomaz hitz egiten den bezala, biromaren garrantziaz jabetzen ari dira ikertzaileak. Baina onuren adibideak hamaika dira. Are gehiago, esan liteke geureganatu egin ditugula birusak, gure genomaren % 8 birusetatik eratorria izan litekeela baitiote azken ikerketek. Badirudi gaitzak baino askoz ere gehiago zor diegula.

Azkenik, zientziaren ertzak ukitu nahi izan ditugu. Bi ikertzaile ezaguni galdetu diegu haien ustez zein diren zientziaren mugak, eta argi adierazi dute zientziak ikuspegi irekia eta aurreiritzirik gabea behar duela izan, eta oso kontziente izan behar dugula gure mugez: gure zentzumen eta gaitasun kognitibo mugatuek baldintzatzen gaituzte errealitatea hautemateko bidean. Umiltasun horretatik abia dadila zientzia, gardentasuna eta zintzotasuna lagun dituela. Bi bidelagun horiek aldarrikatu ditu zientziarentzat Javier Armentia gure elkarrizketatuak ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila