Espedizio zientifikoen distira

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Itsasontzi bat, eta mundua aurkitzeko, deskribatzeko eta ulertzeko grina. Ez Ilustrazioan, ez orain, ez dira ideal horiek espedizio zientifiko handien osagai eta motibazio bakarrak, eta, jakina, espedizio zientifiko bat ez da nahitaez itsasontzian egin beharreko zerbait; baina, gutako edonori galdetuz gero, ez litzateke esaldi horretatik oso urrun ibiliko gure buruetan sortuko litzatekeen irudia. Izan ere, Darwinena bezalako bidaia handien garaia pasatu zen arren, espedizio zientifikoen distira ez da itzali: ez zientzialarientzat, ez publikoarentzat.

Zenbaki honetan, zientziaren espedizio modernoetan parte hartu duten bi ikertzaileren esperientzia jaso dugu. Bata itsasontzitik jaitsi berria da, eta indar betean dago, jasotako guztia aztertzeko, sailkatzeko, konparatzeko, eta gurutzatzeko. Bigarrenak, urte batzuk --bost-- eman ditu dagoeneko halako bidaia batean jasotakoak aztertzen, sailkatzen, konparatzen eta gurutzatzen. Eta ez du lana amaitu, ezta hurrik eman ere; laginekin, datuekin etxera itzulitakoan hasten baita espedizioari egiazko balio zientifikoa emango dion ikerketa-lana. Ikerketa-lan erraldoia.

Amaitu berri den Malaspina espedizioan, adibidez, 200.000 lagin inguru jaso dituzte, espedizioak iraun duen bederatzi hilabeteetan; hau da, aurreikusi baino ia hiru bider lagin gehiago. Ikaragarri lan pila da hor bildutako hori, eta, zientifikoki serioak izatekotan, egin eta finantzatu behar dena. Bestela, espedizioa ezagutza bilakatzeko laborategiko bidaiarik gabe, dirua su artifizialetan gastatzea litzatekeelako: distiratsuak dira, bai, baina berehala agortzen dira, eta ez da hori zientziaren izenean egindako espedizioek behar luketen distira-mota. Alabaina, etxera itzulitakoan hasten den bidaia horretarako baliabideak askoz ere urriagoak izan ohi dira. Kaxetan sartuta zain egotera kondenatutako distirak ez du sortzen, ordea, jakintzarik, eta, gainera, kalte besterik ez dio egiten mundua aurkitzeko, deskribatzeko eta ulertzeko grinaren sinesgarritasunari.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila