Edertasunaren zaindari

Odonatuak Lur planetako intsektu zaharrenetakoak eta, era berean, ederrenetakoak dira. Iñaki Mezquita Aranburu argazkilariak bizitza osoa eman du putzuetan, kamera eskuan duela, haien bizimodua eta anatomia erakusten duen detaile txikienaren bila. Euskal Herriko burruntzi eta sorgin-orratzen bilduma osatuena du, edertasunaren zaindari bailitz. Erreportaje grafiko batean bildu ditugu Mezquitaren begirada eta Iñaki Sanz-Azkueren istorio eta kontakizunak.

Hain zuzen, gure planetako biodibertsitatea zaindu eta ingurumen-larrialdi globalari aurre egiteko, gero eta ahots gehiagok proposatzen dute desazkunde ekonomikoa. Alabaina, jasangarria ez den bizimodu bati eusteko ahalegin etsian, erresistentzia jartzen dugu etengabe, ongizatea eta garapena hazkunde ekonomikoari lotuta dagoela sinistuta, oraindik ere. Erresistentzia horren oinarrira jotzean, ordea, desazkundea hobeto bizitzeko aukera ere izan daitekeela geratzen da agerian. Izan ere, larrialdia soziala ere bada. Ekonomiaren, antropologiaren eta arkitekturaren begirada ekarri ditugu.

Beste antropologo baten ahotsa ere jaso dugu: Mari Luz Esteban Galarzari elkarrizketa luze eta sakona egin diogu. Zientziari begirada kritikoaz begiratu dio Estebanek, eta ezagutza herritarrei entzunda eta haiekin elkarlanean sortu behar dela aldarrikatzen du. Errizoma baten modura irudikatzen du zientzia, lur azpian etengabe hazten doazen zurtoinak balira bezala. Lur feministan hazten den errizoma.

Amaitzeko, garunaren funtzionamendua ulertzeko fisika egiten ari den ekarpena ekarri dugu zenbaki honetara. Garunaren aktibitatea fisikoki ikusteko metodologia ahaltsu bat garatzen ari dira Donostiako fisikariak eta Rafael Yuste neurobiologo ezagunaren taldea, elkarlanean. Urrea baliatzen ari dira horretarako, eta interesgarria iruditu zaigu hemen erakustea, gero eta gertuago dagoelakoan giza garuna ulertzeko ametsa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila