Zuhaitzen garrantzia hirietan

Olazabal Salgado, Marta

Ikerbasque ikertzailea eta Egokitzapena Ikerketa Taldeko burua BC3n

zuhaitzen-garrantzia-hirietan
Arg. pixel.com

Naturak funtsezko eginkizuna du hirietan. Hain­besterainokoa, ezen, nahiz eta hamarkadak kostatu zaigun konturatzea, gaur egun joera da natura berriro hirigintzan sartzea, osasun fisiko eta psikologikoaren, biodibertsitatearen eta erresilientzia klimatikoaren ardatz egituratzaile gisa. Seguru asko izango duzue naturan oinarri­tu­tako soluzioen aditzea edo azpiegitura berde eta urdinena. Kontzeptu horiek erabiltzen dira ekosistemen integrazioa eta leheneratzea deskri­batzeko, hiri-paisaiaren beste elementu bat baitira. Haien artean, ematen dituzten onuren kantitatea eta kalitatea kontuan hartuta, zuhaitzak dira garrantzitsuenak.

Zuhaitzek hainbat onura ekartzen dituzte hi­rieta­­ra; bizi-kalitatea hobetzen dute ingurune bi­zigarriagoak eta jasangarriagoak sortuz. Zuhai­tzak izan ditzakegu kaleetan, ilaretan edo plazetan, bai eta parke edo hiri-basoetan ere. Zuhaitz horiek ekosistema handiago baten parte bihurtu ahala, espazioa eta osasuna irabaziko dituzte, eta haien onurak biderkatu egingo dira. Hain zuzen, hiri asko hiri-korridore ekologikoak sortzen ari dira ekosistemak elkarrekin lotzeko, biodibertsitatea sustatzeko eta hiriko edozein tokitatik naturara iristea errazteko. Baina oso garrantzitsua da zuhaitzak hiriko kale guztietan egotea, eta akupuntura-lan gisa eta errespetu ekologikotik aztertu behar da.

Zuhaitzek zarata murrizten dute eta kutsatzaile atmosferikoak harrapatzen dituzte. Adibidez, hostoetan 10 mikrometro baino gutxiagoko diame­troa duen material partikulatua harrapatzen dute. Material hori bereziki kaltegarria da birikentzat eta bihotzarentzat, eta gehiena ibilgailuen zirkulaziotik dator. Fotosintesiaren bidez, gainera, zuhaitzek oxigenoa sortu eta karbono dioxidoa xurgatzen dute. Berotegi-efektuko gasetako bat da karbono dioxidoa, eta azken 80 urteetan, erregai fosilen kontsumo neurrigabearen ondorioz, atmosferako tenperatura handitzen ari da. Zuhaitzek eta haien ingurune iragazkorrek (zigilatu gabeko lurrak) ura harrapatzen dute, eta aliatu handiak dira muturreko prezipitazioetan higadura (orografia konplexuko eremuetan bereziki) eta uholdeak saihesteko. Era berean, ebapotranspirazioaren bidez, hezetasuna askatzen dute, eta horrek tokiko tenperatura erre­gulatzen laguntzen du. Hezetasun horren eta kopa hostotsuen itzalaren ondorioz, bero-boladetan babesleku zoragarriak dira. Ez hori bakarrik; espazio publikoko tokiko tenperaturen erregulazio horri esker, eraikinetan energia gutxiago behar da berokuntza-sistemetarako, neguan, eta hoz­te­ko, udan. Esan liteke zuhaitzek mikroklima bat sortzen dutela eta hori ezinbestekoa dela larrialdi klimatikoko testuinguru batean, hiriak bereziki kalteberak baitira, eraikitako ondarea eta biztanleriaren kontzentrazioa direla eta. 

Berezko eskubideak dituzten izaki bizidunak direnez, zuhaitzak biodibertsitaterako eta osasun ekologikorako etxeak ere badira. Espezie asko —hala nola txoriak, onddoak, intsektuak eta sa­guzarrak— zuhaitzen mende daude hirietan ere, giza jarduerekin oreka zailean bizi baitira. Biodibertsitatea babestea garrantzitsua da, ez bakarrik krisi globaleko une batean bizi garelako, baita hiri-ekosistemen osasun-adierazle delako ere. Zenbat eta biodibertsitate-maila handiagoak, ekosistemek (zuhaitzek) orduan eta hobeto betetzen dituzte beren funtzioak. 

Azkenik, eta ez da garrantzi txikiagokoa, naturarekiko harremana funtsezkoa da pertsonentzat. Inguruko zuhaitzek eta biodibertsitateak izugarri laguntzen digute hiri-ingurune artifizial batean bizitzari men­talki aurre egiten. Frogatuta dago naturatik hurbil egoteak estresa eta antsietatea murrizten laguntzen duela eta osasun mentala eta ongizatea hobetzen dituela; hain zuzen, hiriko zurrunbiloak eragotz dezakeen hori bera. 

Zalantzarik gabe, hirietan zuhaitzak ordezkaezinak dira klima-krisiari eta biodibertsitate-galerari aurre egiteko. Hirietan zuhaitzak integratzea eta haien osasuna kudeatzea ezin da herri-lanen zerbitzu huts bihurtu. Estrategia, denbora eta inbertsioa behar dira. Lehia handia dago gainerako hiri-azpiegiturekin, baina zuhaitzen onurak ezinbes­tekoak dira jada.

-> Klima-aldaketaren eragina zuhaitzetan eta basoetan

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila