Zientziaren mugak

Pérez Iglesias, Juan Ignacio

Kultura Zientifikoaren Katedra

EHU-BFA

Barandika Argoitia, Miren Gotzone

Kimika Ez-organikoa saileko ikertzailea

EHU

Luzerako emango luke gaiak, baina hitz gutxitan erantzuteko eskatu diegu bi ikertzaile ezagunei: ba al du mugarik zientziak? Hemen haien gogoetak.

zientziaren-mugak

 

Mentalitate zabal eta garbia izan behar da

Gotzone Barandika Argoitia

Kimika Ez-organikoa saileko ikertzailea / EHU

Norberak bere esangura ematen dio zientzia hitzari, baina gizarteak askotan erabaki behar izaten du zelan lortu ezaguera berriak zientziaren bidez, eta zelan erabili haiek lortu ostean. Esaterako, arautua dago laborategiko esperimentuak egiteko animaliak zein zelula amak nola erabili. Adibide horien bitartez pentsa dezakegu gizarteak jartzen dizkiola mugak (batez ere, etikoak) zientziari. Baina, hori horrela al da?

Aurreko galderari erantzun ahal izateko, zientzia zer den finkatu beharko genuke. Horren inguruan hamaika pentsalari jardun da historian zehar, eta ikuspuntu filosofiko batetik, nik esango nuke zientzia jarrera bat dela. Hots, zientzia ez da haren bitartez lortutako ezagueren multzoa. Ez da harekin lotuta dagoen metodo zientifikoa, ezta ezagueren erabilera ere. Horiek jarduera zientifikoaren osagaiak dira. Mundua behatzeko eta ondorioak ateratzeko era bat da zientzia, eta horren indar eragilea gizakion jakin-mina da. Aurrekoa zientifikotzat jo ahal izateko, mentalitate zabal eta garbia izan behar da. Horri esker, gero eta gehiago da zientziaren bitartez dakiguna. Mundu subatomikotik unibertso urruneraino, modu askotan egituratzen da materia, eta etengabe dabil aldatzen. Espazio-denbora dimentsioak era askotan arakatzen dira, zientzia esperimentaletatik ez ezik, gainerakoetatik ere.

Zientziaren izenean gauza onak eta txarrak egin daitezke, baina dudarik gabe erabaki onenak hartzen dira jarduera zientifikoaren bitartez ateratako ondorioak kontuan izanda. Halere, hori ez da zientziaren helburua, zientziak ez dauka eta helbururik, ez intentziorik. Gizakiok jartzen dizkiogu baldintza eta helburuak jarduera zientifikoari. Gizakiok zedarritzen dugu hori guztia. Zientzia beste dimentsio batean dago: gure barnean dago. Ba al du mugarik gure jakin-minak? Hori da gakoa. Erantzuna ezetz baldin bada, ondoriozta dezakegu zientziak mugarik ez daukala.

 

Gure ahalmen kognitiboek baldintzatzen dute zientzia

Juan Ignacio Pérez Iglesias

Kultura Zientifikoa katedraren zuzendaria / EHU

Errealitatea ezagutu nahi dugu gizakiok; unibertsoa, natura, giza izaera, gure burua bera ere ezagutu eta, batez ere, ulertu nahi ditugu. Eta zientzia dugu errealitatea ezagutzeko bideetako bat, fidagarriena segur aski ere. Zientzian dihardugunok errealitatea aztertzen dugu, eta ereduak sortzen ditugu, aurkitzen ditugun erregulartasunetan oinarrituta. Eredu horien bitartez behatutakoa azaltzen saiatzen gara eta, ahal izanez gero, aurreikuspenak egiten. Batzuetan, behaketa berriak ez datoz bat ontzat eman ditugun ereduekin. Ereduok aldatzera —hobetzera— behartzen gaitu horrek. Horrela handitu eta hobetzen dugu errealitateaz dugun ezagutza. Orain arte, beti gertatu da hori: eredu berriek zaharrak ordezkatu dituzte etengabeko dialektikan. Bada, sinetsita nago dialektika hori betiko izango dela, zeren ez baitago arrazoirik pentsatzeko noizbait amaituko dela. Beraz, ez dago arrazoirik pentsatzeko inoiz errealitatearen ezagutza osoa lortzera helduko garela.

Eman dezagun, baina, ezagutza eskuratzeko bide hori noizbait bukatuko dela. Noraino fidatu beharko genuke ezagutza horren balioaz? Azken batean, ondorengoen bitartez gure geneak biderkatzeko, egokiak izan dira eboluzioan zehar eskuratu ditugun ahalmen kognitiboak; horrexegatik gaude hemen. Baina horrek ez du esan nahi ahalmen kognitibo horiek errealitatea ulertzeko tresna egokiak direnik. Egia esan, errealitatearen irudiak baino ez ditugu eskuratzen, gure sistema kognitiboaren arkitekturak baldintzaturiko irudiak hain zuzen ere, baina ez errealitatearen egiazko ezagutza. Pentsa dezagun, bestela, olagarro batek, esaterako, nola atzematen duen errealitate osoa. Kontzientzia izango balu, errealitatea ezagutu eta ulertu egiten duela pentsatuko luke hark ere.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group