Ezjakintasunezkoarekin hasita. Filosofoek bi galdera-mota bereizten dituzte: galdera deskriptibo edo positiboak, eta galdera normatiboak. Positiboek munduak nola funtzionatzen duen galdetzen dute, hura deskribatzea bilatu; normatiboek, berriz, nolakoa izan beharko lukeen galdetzen dute. Zientzia galdera positiboei erantzuna ematen saiatzen da, baina ez normatiboei. Adibidez, "infantizidioak kasu batzuetan abantaila ebolutiboak eman ditzake, eta, beraz, naturan maiz samar gertatzen da" esaldiak naturan gertatzen den jokabide bat (infantizidioa) deskribatzen du, eta hori bultzatu ahal izan duten arrazoi ebolutibo batzuk aipatzen ditu. Ez du, ordea, jokabide hori ona edo txarra den epaitzen, morala edo inmorala ote den, horiek planteamendu normatiboak baitira. Bereizketa hau oso garrantzitsua izan arren, gaizki-ulertu ugari sortzen ditu, jende askok baitu naturala eta ona nahasteko joera. Nonbait, naturaren apologistei eta jogurtaren publizistei ahaztu egin zaie gauza gutxi dagoela oinazea, sufrimendua eta heriotza baino naturalagorik. Horrez gain, batzuek uste dute zientzialariek, informazio gehiago duten aldetik, iritzi kualifikatuagoak eman ditzaketela galdera normatiboen gainean. Hori uste okerra da, zientzialariek horien gainean emandako iritziek ez baitute beste edonorenek baino gehiago balio. Hortaz, ikuspuntu normatibo hori, etikarena eta abarrena, zientziatik kanpo dago, zientziak arazo etikoak ebazteko informazio garrantzitsua eman badezake ere.
Jakin-minarekin jarraituz. Galdera positiboetara mugatzen bagara ere, zientziak ez die, noski, galdera guztiei inoiz erantzungo. Eskerrak, galderarik gabeko bizia gatzik gabeko janariaren parekoa baita. Galdera guztiei ez erantzuteko arrazoi nagusia zera da: erantzun bakoitzak galdera berri asko ekarri ohi dituela gehienetan. Adibidez, greziarren garaitik hona famatu izan diren "Zer gara?" eta "Nondik gatoz?" galderei, pentsalari askori halako lana eman zietenei, azken mendean erantzun diegu: primate hominidoak gara, txinpantzeekin antz genetiko handikoak, hiru mila milioi urtetik gorako eboluzioaren ondorio, eta Afrikatik gatoz, gorabeherez betetako bidaia luze baten ondoren. Erantzun horiek, ordea, beste mila galdera are interesgarriagoak sortu dituzte: zein presio ebolutibok ekarri zuen gure eta txinpantzeen leinuen arteko dibergentzia? Nolako aldaketa genetikoek izan zuten garrantzia? Afrikatik Europara, Ekialde Ertainetik ala Gibraltarretik egin genuen? Eta beste hainbat. Kontu egin: nahiz eta galderak ez amaitu, nahiz eta galderen kopurua ugaritu, dakiguna etengabe hazten doa, gero eta azkarrago. Bide eginez goaz, galderei erantzunak emanez. Eta bai, badakit aipatutako "Zer gara?" eta "Nondik gatoz?" bezalako galderei esanahi metaforikoago, ustez sakonago bat eman nahi izan diotela filosofo batzuek. Baina nago hori tranpa egitea dela, erantzuna beti airean egon dadin galdera etengabe aldatzea.
Jakin nahi ezik egindakoari. Kazetariaren galderan sumatu uste izan dudan beste esanahiak gehiago asaldatzen nau, jakin nahi eza baitario. Batzuen ustez, zientziak ez du balio zenbait galderari erantzuteko, ez horiek balioen mendekoak direlako, baizik eta zientzia ofizialak (hala gustatzen zaie deitzea) bere bide estuan argitu ez ditzakeen bazter misteriotsu asko dituelako munduak. Fenomeno paranormalez ari naiz, zientzia ezkutuez, esoterismoaz, eta sentikortasun bereziko espiritu zabalek soilik sentitu omen dezaketen horretaz, zientzia arrunt eta erredukzionistak, bere sinplekerian, inoiz ulertuko ez dituen fenomeno horiez. Kazetariak bere galderaren atzean horrelakorik ezkutatuko balu, zera esanen nioke: zientzia, giza jarduera guztiak bezala, mugatua dela, eta ziurrenik gauza askok egiten digutela ihes; baina zientziak dituen gaitzen konponketa, zalantzarik gabe, zientzia are zorrotzagoa dela, inoiz ez pseudozientzia. Arazo asko ebatzi gabe ditugu, baina bidean ari gara, eta errealitatea ulertzeko inon den prozedura emankorrenarekin, praktika zientifikoarekin, mundu osoan zehar milaka lagunek elkarlanean daramaten ekinbidearekin. Horretan ari dira munduko pertsonarik argienetako asko, imajinazioz gainezka dagoen jendea, lana benetako pasioz bizi duena, eta inon den esparru lehiakorrenean. Zientziak eskaintzen dituen emaitza batzuk iraultzaileak dira, eta burua zorabiatu egiten zaigu, esate baterako, fisika kuantikoarekin. Baina, horrez gain, zientziak bere burua etengabe epaitzen du, eta akatsetatik ikasten du. Horixe baita zientziak, ekimen kolektibo gisa hartuta, duen punturik sendoena, alegia, emaitzak etengabe epaitzen dituela, oso prozedura zorrotzen bitartez. Zientzia paranormalen guruek ez bezala.
Benetan uste duzu zientziak erantzun ez diezaiekeen galdera positibo asko daudela? Eta zientziak erantzuten ez badie, zerk edo nork uste duzu emanen diela erantzuna? Aramis Fusterrek edo Iker Jimenezek?