Zientzia eta teknologia telebistako albistegietan

Eizagirre, Andoni

Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea

Aho batez onartzen da zientzia eta teknologia jendarteratzeko beharra eta horretan komunikabideek duten ardura. Zer ematen dute telebista-kateek zientziari eta teknologiari buruz? Eta nola? Erantzukizunari neurria hartu diote? Galdera horiek tarteko, telebistako albistegietan zientzia- eta teknologia-gaien tratamendua aztertu dugu, Kultura Zientifikoaren Elhuyar Laborategiarekin koordinatuta.
Zientzia eta teknologia telebistako albistegietan
2010/07/01 | Eizagirre, Andoni | Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea
(Argazkia: © Erik Reis/123RF)

2009ko bigarren seihilekoan ETB1, ETB2, TVE1 eta La2 telebista-kateak ikertu ditugu, zoriz aukeratutako hamabi egunetan (bederatzi astegun eta asteburuetako hiru egun); guztiak ere gaueko albistegiak ziren. Agi denez, gertatu da albistegirik ez izatea edo murriztuak ematea. Ale honetan gure analisi-matrizaren ertz batzuk aurkeztuko ditut; zehazki, diskurtsoarenak. Era berean, ez diet arreta ipiniko telebista-kateen arteko konparaketei.

Garrantzi gutxi

Orotara, zientzia eta teknologiari buruzko 69 albiste hauteman dira, 64 astegunetan emitituak eta 5 asteburuetan; ETB1en 16 albiste eta ETB2n 23 albiste eman dira, bietan ere guztiak astegunetan. TVE1n, berriz, 18 albiste, 13 astegunetan eta 5 asteburuetan, eta, azkenik, La2en 12 albiste emititu dira.

69 albistetatik 3 (%4) agertu dira goi- buruan; sarrerako titularretan, orotara, 17 eman dira (%25), eta gainontzeko 49 albisteak (%71) ez dira agertzen bestelako une erabakigarrietan (bigarren sarrerakoan eta/edo agurrekoan), baizik eta albiste arrunt bezala.

Albistegian duten kokapena aztertuz gero, 69 albisteetatik 9 (%13) agertzen dira 0:00-9:00´ tartean; 55 albiste (% 80) 9:01´-18:00´ tartean, eta 18:01´-27:00´ blokean, berriz, 5 albiste (%7).

Agerpenarekin eta kokapenarekin alderatuz, albistearen iraupenean emaitzak osasuntsuagoak dira. Hala, 40 albiste (%58) iraupen luzekoak dira ( 76´´), 11 albiste (% 16) 36´´-75´´ bitartekoak dira, eta 18 albiste (% 26) motzak ( 35´´) dira. Aldagai hauek eta beste batzuk aztertuta, egiazki, zientzia albisteen adierazgarritasun-maila txikia da. Salbuespenak salbuespen, ez zaie aparteko garrantzirik eman, eta bestelako gaiak dira lehentasuna dutenak. Hori da, albisteak modu orokor eta bateratuan ikertuta, lehen ondorioa. Zehaztapenak egin behar dira, ordea.

Gaiei dagokienez, hauek dira emaitzak: "zientzia eta teknologia" eremuan 17 albiste (%25), "zientziaren inplikazioak" deritzegunean 40 albiste (%58), "zientzia-politikak" blokeko 5 albiste (%7) eman dira, eta "zientzia-sistema" delakoaz, berriz, 7 albiste (%10).

Izaera negatiboa

Gertakarien izaerari dagokionez, 69 albisteetatik 42 albistek dute izaera negatiboa (%60), 27 dira izaera positiboa duten albisteak (%39), eta bakar bat, berriz, neutrala (%1). "Zientzia eta teknologia" gaiei buruzko 17 albisteetatik, 16 dira izaera positiboa dutenak, eta 1 albiste da negatiboa. Zientziaren inplikazioei buruzkoetan ere aldea dago; izan ere, 40 albisteetatik 31 dira izaera negatiboa dutenak, 8 izaera positiboa dutenak, eta 1 albiste da neutrala. Zientzia-sistemari buruzko albisteetatik 5 dira negatiboak eta 2 positiboak, eta, azkenik, zientzia-politikei buruzko 5 albisteak dira negatiboak.

Gehiago xehatuz gero, hobeto ulertzen dira emaitza ugari. Hala, dimentsio politikoa dute albiste guztietatik 30ek; horietatik 28 negatiboak dira, eta 2 positiboak. Dimentsio zientifikoa duten 24 albisteetatik, 17 dira positiboak, eta 7, berriz, negatiboak. Hirugarrenik, dimentsio ekonomikoa duten 15 albisteei arreta ipiniz gero, ikusten dugu 7 direla positiboak, 7 negatiboak, eta bat neutrala.

Zientzia-politikei arreta ipintzen badiegu, horri buruzko bost albisteak dira negatiboak; horietako 4 ertz politikotik landuak, eta 1, ertz ekonomikotik. Zientzia eta teknologiari bagagozkio, hemen aurkitzen ditugu emaitza diferenteenak. Izan ere, 17 albisteetatik bakar bat da izaera negatiboa duena. Ertz zientifikoa duten guztiak (14 albiste) dira positiboak; ertz ekonomikotik eta politikotik landuriko albiste bana ere positiboak dira, eta albiste negatiboa, berriz, ertz politikotik landurikoa da. Zientzia-sistemari arreta ipintzen badiogu, ikusten dugu 5 albiste negatiboetatik bi ertz ekonomikoari begirakoak direla eta beste hiru, berriz, ertz politikoari dagozkiola. Bi albiste positiboak ertz ekonomikotik eta politikotik emanak dira, hurrenez hurren.

Gainontzeko 40 albisteak (% 58) zientziaren inplikazioei buruzkoak dira, eta ikusi dugu horietatik 31 albiste direla negatiboak, 8 positiboak eta 1 neutrala. Zehaztu ditzagun emaitza horiek albisteen ertzei ere arreta ipinita. Kasu honetan ikusten dugu 31 albiste negatiboetatik 20 dimentsio politiko batetik landu direla. 4 dira ertz ekonomikotik eman direnak, eta 7 albiste negatibo dimentsio zientifikotik eman dira (zehazki, horrek adierazi nahi du ezagutza zientifikoak aurkitu dituela ebidentziak garabidearen arriskuak baieztatzeko). Zientziaren inplikazio positiboa lantzen duten albisteei dagokienez, 5 albiste ertz ekonomikotik aipatu dira, eta hiru, alderdi zientifikotik. Azkenik, izaera neutraleko albisteak ertz ekonomikoa du.

Horiek dira ikerketaren emaitza batzuk. Badu garrantzia, beraz, albistearen ertzari eta horren trataerari arreta ipintzeak, zientzia eta teknologiari buruzko albisteak ulertuko baditugu. Komeni da albisteak unibertso berean sartzea, baina aldagai desberdinen arabera ezagutzera ematea ere bai, datu orokorrek ez baitituzte agerian uzten emaitzen berezitasunak eta trataeren ugaritasuna. Egia da zientzia eta teknologia diziplina gisara lantzerakoan oro har aurkikuntza dutela hizpide eta inplizituki zein esplizituki hori modu positiboan tratatzen dela. Baina zientzia eta teknologiari buruzko albisteetan zientziaren inplikazioak, zientzia-politikak eta zientzia-sistemaren ingurukoak ere ematen dira; horiek albisteen %75 osatzen dute, eta, testuinguru zabalagoa integratzearekin batera, dimentsio ekonomiko, zientifiko edota politikoaren alderdi gatazkatsuak, arriskutsuak eta negatiboak horietan lehenesten dira, hain zuzen ere.

Informazio osagarria: "Zientzia eta teknologia hizpide: telebistako albistegiak" txostena. http://laborategia.elhuyar.org

Eizagirre, Andoni
2
266
2010
7
019
Giza zientziak; Elhuyarren berriak
Analisia
50
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila