Zer gertatuko da ESS-Bilbao hautagaitzarekin?

Bermejo, Javier

ESS-Bilbao hautagaitzaren aholkulari ohia. CSIC

Elektrizitatea eta Elektronika Saila, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea

Bilbon Europako Espalazio Iturria (ESS) eraikitzeko aukera guztiak galdu direla argitaratu zuten komunikabideek joan den ekainean. Albistearen ondotik, gainera, nahasmena eta adierazpen kontraesankorrak nagusitu dira. Ez deritzot --argitaratutakoaren kontra-- ekainean erabaki irmorik hartu zenik, eta gaur egungo egoeran ezinbestekotzat jotzen dut proiektuari buruz hausnarketa egin, eta birbideratzea. Helburua garbia da: edozein delarik ere ESS-Bilbao hautagaitzaren amaiera, Bilbon partikulen azeleragailu bat eta ikerketa-zentro bat eraikitzea, munduan dauden gainerakoekiko homologagarria.
Zer gertatuko da ESS-Bilbao hautagaitzarekin?
2009/09/01 | Bermejo, Javier | ESS-Bilbao hautagaitzaren aholkulari ohia. CSIC / Elektrizitatea eta Elektronika Saila - EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatea
(Argazkia: -)

Gaur egun, gehiago dira zalantzak ziurtasunak baino Europako Espalazio Iturriaren inguruan. Alde batetik, Europako zientzia-ministroek Lundeko egoitzaren alde egindako gomendioak ez dakar hautagaitza horrekiko konpromiso irmorik, ez formalik. Paradoxikoki, Espainiako administrazioak bakarrik sinatu du hautagaitza suediarrarekin lankidetzan aritzeko akordio bat. Bestetik, Europaren egoera ekonomikoa, eta, bereziki, Suediarena, zein diren ikustea aski da neutroi-iturria bera zalantzan dagoela pentsatzeko. Horri beste faktore batzuk ere gehitu behar zaizkio: Lundeko unibertsitatea finantza-egoera zail batean dago --institutuak ixten ari da--, eta toki berean beste azeleragailu bat eraikitzeko proiektua abiatu du.

Baina ez dira faktore ekonomikoak Suediaren aldeko hautuaren sendotasuna zalantzan jartzen duten bakarrak. Hautagaitza suediarraren oinarri diren herrialdeek (batik bat eskandinaviarrak) izan zuten zeresana garai batean neutroien arloan, baina gaur egun apenas egiten diete ekarpenik neutroiekin lan egiten duten Europako instalazioei, eta haien erabiltzaile-kopurua hutsala da Europa kontinentaleko gainerako herrialdeekin alderatuz gero. Halaber, Lund urruti dago herrialde horietatik, eta horrek guztiak ikaragarri zailtzen du halako proiektu batek behar dituen inbertsio ekonomikoak han gauzatzea.

Zalantza-egoera honetan, azeleragailuen arloa autonomoki garatzeko apustua egitea litzateke ESS-Bilbao proiektuarentzat arrazoizko estrategia. Berea izango duen instalazio bat eraikitzea, Europako Espalazio Iturriari zerbitzu emango dion zentro bat (Espainiako Gobernuaren eta Suediako hautagaitzaren arteko akordioa betez), eta, batez ere, erreferentziazko zentro bat izango dena, azeleragailuen arloan ditugun premiak aseko dituena.

ESS-Bilbao hautagaitzaren aholkulari ohi naizen aldetik, ioi-iturriarekin hasitako lanak amaitu behar ditugula uste dut, eta Leioako campusean protoien azeleragailu bat eraikitzearen alde egin; helburu anitzekoa izango den zentro bat, neutroiena baino zabalagoa izango den ikerketa-esparruan arituko dena, eta Europako Neutroi Iturriaren mendeko zentro huts bat izango ez dena. Gaur egungo egoera zein den ikusita, ezin dugu 10 urtean egon zain proiektu hori gauzatzeko (edo ez gauzatzeko). Arlo hau hemen eta orain garatzeko pausoak eman behar ditugu, eta orain arte egindako ahalegina ez xahutu.

Leioako campusean instala daiteke protoien azeleragailu bat gaur egun. Ikuspegi ekonomikotik, proiektuak ez du gainditzen Suediaren sinatutako akordioan finkatutakoa, eta instalazioaren ezaugarri teknikoek ere asetzen dute han hitzartutakoa. Hala ere, ikuspegi estrategikoa aldatu egiten da; izan ere, garapen autonomoa lehenesten du, eta Suediarekin hitzartutakoa baino eremu zabalagoan lan egitea.

Erabat engaiatuta nago ikuspegi horrekin, eta, gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren oniritziak ditu Leioarako protoien azeleragailuak. Gainera, beharrezko aurrekontua hitzartuta dago ESS-Bilbao hautagaitzaren baitan. Horrenbestez, apustu tinkoa egin behar dugu, eta lan egin, 2-3 urteko epean Leioak munduko besteen parekoa den protoien azeleragailu bat izan dezan. Urtebete barru protoi-sorta batek argia ikus dezan beharrezkoak diren pertsonak eta baliabideak, izan, baditugu.

Hautagaitzaren ibilbidea

Gaur egun Lund baldin bada Europako Neutroi Iturria jasotzeko hautagai nagusia, ESS-Bilbao hautagaitzak bi akats nagusi egin dituelako izan da. Bilboko hautagaitzaren perfila politikoegia izan da, neurriz gainekoa, eta, beste hautagaitzek ez bezala, proiektuak ez du inoiz izan behar bezain zuzendari zientifiko nabarmenik.

2006ko abenduan abantaila garbi batekin abiatu zen Bilboko hautagaitza. Hautagaitza Bizkaian eskualdeko neutroi-iturri bat eraikitzeko proiektutik sortu zen, eta proposamen hark babes ekonomiko handia zuen --350 milioi euro ingurukoa--. Horrenbestez, proposamen hura nazioartean balioetsi behar zuen aditu-taldeak interes handikotzat jo zuen Europako Neutroi Iturria jasotzeko hautagai bihurtzea. Zoritxarrez, aditu-taldearen bigarren gomendioak ez du inoiz jaso lehenengoak bezainbesteko arreta. Berariaz azpimarratu zuten arloko laborategi bat berehala eraikitzen hasteko beharra zegoela --hautagaitza irabazteko ezinbesteko baldintza zen gaitasuna frogatzeko--, baina hautagaitzaren garapen teknikoa bigarren mailakoa izan da beti.

Proiektuaren ikuspegi politikoaren nagusitasunak eta 2007ko garapen eskasak dezenteko sinesgarritasun-galera ekarri zioten Bilboko hautagaitzari, eta, hortaz, abiapuntuan zeukan abantaila deuseztatu egin zen 2007an. Hautagaitzaren batzorde exekutiboa deseginda egon zen 2007ko ekaina eta abendua bitartean, eta, 2008an zer edo zer aurrera egin ahal izan zen arren, proiektu teknikoa inoiz ez zen behar bezala garatu ahal izan Bilboko hautagaitzaren proposamen zientifiko-teknikoaren sendotasuna frogatzeko beste.

Bermejo, Javier
2
256
2009
9
026
Fisika; Ikerketa-zentroak
Analisia
52
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila