Transgenikorik "ez": zientzia edo politika?

Escajedo San Epifanio, Leire

Konstituzio Zuzenbideko Irakaslea

EHU

de Renobales, Mertxe

Biokimika eta Biologia Molekularra saila

EHU

Azken hilabeteotan, laborantza transgenikoaren eztabaida piztu da berriro. Apirilaren 22an, Alemaniak MON810 arto transgenikoa debekatu zuen. Handik gutxira, Eusko Jaurlaritzak, itxuraz, transgenikoak ereiteko baimen-sistema bat onetsi zuen, praktikan transgenikoak debekatzeko asmoz egina. Gertakizun horien inguruan, berriro ere, bioteknologia bera jarri da kolokan. Eztabaidarako esparrua hobeto koka daitekeela uste dugu: erabaki horien atzetik dauden gako zientifikoak bakarrik ez, politiko eta ekonomikoak ere kontuan hartu behar dira.
Transgenikorik "ez": zientzia edo politika?
2009/07/01 | Escajedo, Leire; de Renobales, Mertxe | Konstituzio Zuzenbidea eta Teoria Politikoaren Historia saila, Euskal Herriko Unibertsitatea; Biokimika eta Biologia Molekularra saila, Euskal Herriko Unibertsitatea
(Argazkia: Syngenta-k utzitako irudia)

Argitu beharreko lehenengo gauza da MON810 artoa dela hizpide, eta ez transgeniko guztiak. Bt artoa uzta zulakariaren eraginetik askatzeko garatu zen, eta EFSA delakoaren aldeko txostenaren ondoren baimendu zen Europako Batasunean. Elikagaien Segurtasunerako Agintaritza hori zientzialari independenteen batzorde bat da, eta informazio zientifikoa eztabaida politikoetatik ateratzeko asmoz sortu zen. Azken urteotan, Frantziak, Greziak eta Alemaniak MON810ari buruzko "txosten zientifiko berriak" aurkeztu dituzte, baina, EFSAko adituen aburuz, datu berriek ez dute frogatzen giza osasunerako edo ingurumenerako kaltegarria izan daitekeenik. Elikagaien Segurtasunerako Frantziar Agentziak --zientzialari independentez osatua dago--, iritzi bera adierazi zuen, nahiz eta Frantziako Gobernuak ez zion jarraitu haren irizpideari.

Bestetik, aldizkari zientifiko entzutetsuetan argitaratutako ikerketa batzuen arabera, Bt artoa hobea da giza osasunerako arto konbentzional edo ekologikoa baino. Minbizia sortzeko arriskua duten mikotoxinei (fumonisinei) dagokienez, transgenikoek besteek baino 100 bider gutxiago dute, Frantzian, Italian eta Espainian egindako hainbat ikerketatan frogatu dutenez. 2003tik 2007ra bitartean, bestalde, mikotoxinengatik egon diren 62 alertetatik, bat bera ere ez zen izan transgenikoengatik, konbentzional eta ekologikoengatik baizik.

Horren guztiaren aurrean, gure galdera hau da: arto-mota hau, txosten zientifiko kontrastatuak egin ondoren, Europako Batasunerako baimendu bada, zergatik nahi dute herrialde edo eskualde batzuek, beren aldetik, murriztu edo debekatu? Errefusatze horren atzetik arrazoi zientifikoak baino gehiago ekonomikoak daudela aditzera ematen duten datu asko dago. Nekazaritzako elikagaiak estrategikoak dira edozein gizartetan, eta arlo horretara zuzenduta dauden berritasunek, batzuei etekina ematearekin batera, beste batzuei kalte egin diezaiekete. Europar merkatuan nahiko transgeniko gutxi dago, baina dagoeneko inpaktu ekonomiko nahikoa izan dute. Bt artoak zuzeneko eragina du animalientzako elikagaigintzan, eta zeharkakoa landatzen diren beste produktu batzuetan (bereziki, ekoizpen garestiagoa duten ekologikoetan). Europako legeriak dio konsumitzaileari transgenikoen presentzia etiketan adierazi behar zaiola, produktu baten osagaien % 0,9a baino gehiago transgenikoa denean. Nekazaritza ekologikoaren arauetan, baina, transgenikoen presentziak ondorio zorrotzagoak ditu. Nekazaritza ekologikoak baztertuta dituen pestizidatako batzuk auzoko batek erabiltzen baditu, nahigabe eragina izan dezakete uzta ekologikoan. Kasu horretan, eragina % 5etik gorakoa ez bada, txartelan ekologikoa dela jarri daiteke. Auzoko transgeniko batekin polinizazioa edozein neurritan gurutzatuko balitz, ordea, txartel ekologikoa erabiltzeko eskubidea galdu eta uzta merkeago saldu beharko litzateke.

Ikuspegi zabalago batetik begiratuta, bere beharretarako arto nahiko ekoizten duen Alemaniak, MON810 artoa debekatu bai, baina BASF alemaniar enpresaren patentea duen Amflora patata transgenikoari bide eman dio. Espainiak, ordea, 4 miloi tona arto ekoizten ditu, eta beste 4 kanpoan erosi behar izaten dituenez, Bt artoak lekua aurkitu du, leku batzuetan behintzat. Euskadin 4 miloi tona horien % 0,13 bakarrik ekoizten denez eta zulakari gutxi egoten denez, Bt artoaren beharra ez da oso handia, eta debekatu egin nahi da; Katalunian, ordea, % 10,5 ekoizten da, zulakariak kalte handiak eragin ohi ditu, eta hango gobernuak ez du transgenikoekin arazorik ikusi. Transgenikorik gabeko gune izendatu beharko liratekeen edo ez eztabaidatu bitartean, Herbehereek proposamen interesgarri bat egin dute Europako Ministroen Kontseiluan. Oraingo eredua zientzian bakarrik oinarritu dela esaten dute, etor litezkeen arriskuen azterketan. Eredu horren egokitasuna zalantzan jarri gabe, haien ustez beste eredu bat beharko genuke, eskualdeetan izan ditzaketen eragin ekonomikoak kudeatzeko gaitasuna ematen duena.

Datu horiek esku artean hartuta, transgenikoak ereitearen aurkako arrazoi soziopolitiko eta ekonomikoak ikusten ditugu guk, zientifikoak baino gehiago. Hori dela eta, hausnarketarako zenbait galdera egiten ditugu: Bidezkoa da transgenikoen "segurtasuna" zalantzan jartzea, kalte ekonomikoak saihesteko? Zer egingo dugu etorkizunak ekarriko dituen beste transgeniko batzuekin, adibidez, lehorteetan ekoiztu daitezkeenekin edo kontsumitzaileei abantaila bereziak dakarzkietenekin? Eta zer gertatuko da gaur egun arto transgeniko mota hau abantailazkotzat hartzen dutenekin (nekazarietako batzuk, pentsugileak eta abeltzainak, batik bat)? Kanpoan ekoitzitako arto transgenikoak zabalik ditu Europako mugak, baina hemen ez dugu ekoitzi nahi; ona al da hori nekazarientzat?

Escajedo, Leire; de Renobales, Mertxe
2
255
2009
7
037
Bioteknologia
Analisia
52
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila