Consortium for Science, Policy &
Outcomes (Arizona State University), eta Sánchez-Mazas Katedra
Ekonomiaren giltzarritzat ditugu zientzia-teknologiaren berrikuntzak. Lehiakorrak izan eta lanpostuak sortzeko, ezinbestekoak dira. Berrikuntzarako bidean, nanoteknologiari berebiziko garrantzia esleitzen diote bai sektore pribatuak zein publikoak.
Baina zer da nanoteknologia? Hitz gutxitan, maila atomiko eta molekularrean aritzen diren zientzia eta teknologia (sinplifikatzearren, ez ditut nanozientzia eta nanoteknologia bereizten, eta biak barne hartuko lituzkeen "nanoteknologia" erabiltzen dut). Hau da, maila oso txiki horietan ezagutu eta manipula daitekeenaz arduratzen den jarduera. Nanometro bat metro baten mila milioirena da. Oro har, nanoteknologiak nanometro 1 eta 100 nanometro arteko eremuan egiten du lan.
Nanoteknologia ez da, hortaz, gailu espezifiko bat, mundua ezagutu eta eraldatzeko modu berri bat baizik, nanoeskalan aritzen dena. Hori dela eta, nanoteknologia bide berri asko irekitzen dituen ikerketa-eremu bat da, "iraultzailea", oinarri teknologikoa duten industria-sektore guztietan sakoneko eragina izango lukeena (medikuntzan, energian, informazioaren teknologietan, eta abar). Horregatik da hain garrantzitsua nanoteknologia ekonomikoki, aurkikuntza bakar bat sektore ugaritan aplika daitekeelako. Testuinguru horretan, merkatu-analistek nanoteknologiari lotutako 750.000 milioi euro eta 2 bilioi euro bitarteko merkatua eta 10 milioi lanpostu iragartzen dituzte 2015. urterako.
Nanoteknologiak badu, ordea, hain samurra ez den beste aurpegi bat: ingurumen- eta osasun-arrisku berriak eragiteko izan lezakeen ahalmena. Materialak maila atomiko eta molekularrean manipulatzearen ondorioz, material horien portaera eraldatu eta hobetu egiten da (eroankortasuna, arintasuna, erresistentzia eta antzeko ezaugarriei dagokienez), baina, era berean, manipulazio horrek maila oso txiki horietan bakarrik izaten diren propietate fisiko-estrukturalei lotutako arriskuak eragin ditzake. Horrek esan nahi du nanomaterial baten portaera, segurtasunari dagokionez, ezin dela osagai kimiko bera duen tamaina handiagoko materialaren portaeratik estrapolatu.
Izan ere, nanomaterialek giza gorputzean zein beste organismo bizidun batzuetan sartzeko, eta organoak, ehunak eta zelulak zeharkatzeko erraztasun handiagoa dute, hain txikiak ez diren partikulekin alderatuta. Zentzu horretan, esate baterako, Edinburgoko Unibertsitateko Ken Donaldsonek zuzendutako talde-ikerketa batek agerian utzi zuen jostorratz-forma duten karbonozko nanohodiek asbestoaren antzeko eragina dutela laborategiko saguengan1. Mugikortasunak eta formak ez ezik, nanomaterialek bolumenarekiko azalera erlatibo handiagoa izateak ere zehazten du nanomaterialen arriskugarritasuna. Horrek gaitasun katalizatzaile handiagoa ematen die, baina erreaktibotasun kimiko agresiboagoa ere bai, eta, horrenbestez, toxikotasun handiagoa.
Tamainak garrantzia du horrenbestez, eta osagai kimikoarekin batera, materialen arriskugarritasuna baldintzatzen du. Berezitasun horiek izan arren, jada nanoteknologian oinarritutako 1.300 kontsumo-produktu baino gehiago merkaturatu dira munduan zehar (Europa barne)2, produktu horien segurtasuna bermatuko lukeen nanoteknologiaren gaineko araudi berezirik aplikatu gabe. Horren harira, Europar Batasuneko botere exekutiboak, Europako Batzordeak, ondorioztatu zuen nanoteknologia garatu aurreko esparru erregulatzailea --eta, hortaz, nanoteknologia espezifikoki aintzat hartzen ez duena-- egokia zela "nanomaterialen osasun-, lan- eta ingurumen-arrisku potentzialak arautzeko". Hori 2008ko Regulatory Aspects of Nanomaterials txostenean jaso zuen.
Hala ere, Europar Batasuneko beste instituzio batek, Europako Parlamentuak, ebazpen bat onartu zuen 2009ko apirilean, Batzordearen txostenaren ondorio nagusi horrekiko oso kritikoa. Ebazpen horretan, gainera, Europako Parlamentuak Batzordeari eskatu zion indarrean zegoen araudia 2011ko apirilerako berriro aztertzeko, araudiak nanoteknologiaren arriskuei heltzeko izango zukeen egokitasuna beste behin zehatz zezan (oraindik argitaratu gabe dago azterketa hori).
Bien bitartean, eta Europako Parlamentuaren bultzada legegileari esker, azken urteotan Europar Batasunean nanoteknologiari aplikatutako segurtasun-neurri espezifikoak barne hartzen dituzten araudiak onartu dira, munduan lehen aldiz (herrialdeetako gobernuak aintzat hartzen badira, bederen). Haien arteko esanguratsuena --arauen espezializazioa eta barietatea kontuan hartzen baditugu-- 2009ko azaroan onartutako produktu kosmetikoen gaineko 1223/2009 Araudia da (2013ko uztailean sartuko da indarrean). Araudi horretan, adibidez, nanomaterialen arriskuen ebaluazio zientifiko berezia eskatzen da, osagaitzat nanomaterialak dituzten produktu kosmetiko guztien etiketatzea derrigortzen da, edota Europar Batasuneko merkatuan nanomaterialak osagaitzat dituen produktu kosmetiko bat saltzeko asmoa duenari, merkaturatu baino sei hilabete lehenago Europako Batzordeari produktuaren segurtasunari buruzko informazioa helarazteko beharra ezartzen dio.
Hortaz, Europak bidea ireki dio nanoteknologiaren segurtasunaren arautze espezifikoari. Europako Batasunean, enpresa-interesez harago kontsumitzaileen eta ingurumenaren interesak hobekien ordezkatzen dituen instituzioak, hots, Europako Parlamentuak --herritarrek hautatzen dute--, hartu du bere gain egiteko hori. Azken buruan, nekazaritza transgenikoak Europan izan duen porrotak agerian utzi duen moduan, gizarteak segurtasuna modu i aintzat hartzen duen garapen tekno-industrial arduratsu bat nahi du.
1 Poland, C.A. et al.: "Carbon nanotubes introduced into the abdominal cavity of mice show asbestos-like pathogenicity in a pilot study", in Nature Nanotechnology 3, (2008), 423-428.
2 Nanoproduktuen inbentarioa, hemen: www.nanotechproject.org/inventories/consumer.