McDonald's ala Arzak?

Arturo Elosegi Irurtia

Ekologiako katedraduna

Zientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU

Nature aldizkari ospetsuan ekosistema berrien aldeko artikulu bat atera da, alegia, espezie exotikoz eratutako ekosistemen aldekoa. Elhuyarko lagunek honen gaineko iritzi-artikulu bat eskatu didate. Nori eta niri, zinemako esaldirik biribilena Clint Eastwoodek behin botatako hura dela uste duenari. Ez dakit gogoan ote duzun, baina tipo batek ez dio, bada, bota Clinti berak beste iritzi bat duela? Clinten erantzuna: "iritziak uzkiak bezalakoak dira, nork berea du". Uzki-bistan geratzeko arriskuan nabilela jakinik ere, ezin ezezkorik eman Elhuyarkoei, eta nire iritzia idatziko dut. Baina argi utziz ez duela beste edonorenak baino gehiago balio.

McDonald's ala Arzak?
2010/03/01 | Elosegi, Arturo | Landare-biologia eta Ekologia Saila. Zientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU.
(Argazkia: © Kushch Dmitry/123RF)

Hasteko, aurkez dezadan zertaz ari naizen. Munduan gero eta gehiago topatzen ditugu espezie exotiko eta inbaditzaileak nagusi diren ekosistemak. Ez naiz landaketez ari, jendeak helburu zehatzen batekin eratutako formazioez, baizik eta bere gisa garatu diren baso edo bestelako ekosistemez. Naturaren kontserbazioan ari diren gehienek esaten dute ekosistema hauek oso andeatuta edo antropizatuta daudela. Eta, horrexegatik, bertako espezieek sor ditzaketen arazoek kezkatuta, ekosistema hauek ezabatzen saiatzen dira, ahal dela leku bakoitzeko jatorrizko ekosistema berreskuratzen.

Saio horiek, ordea, oso zail eta garestiak izan ohi dira, espezie inbaditzaileei aurre egitea oso nekeza baita. Hori ez ezik, askotan zalantzazkoa ere bada jatorrizko ekosistema zein zen, hura berreskuratzerik badagoen, eta ahal denean ere, merezi ote duen. Kontserbazionista sutsu batzuen ustez bai, zalantzarik gabe, jatorrizkoek ematen baitituzte ekosistema-zerbitzu gehien; badakizu, ur garbia, lur emankorrak eta gisa horretako zerbitzuak.

Orain, antza, batzuk ikuspuntu hori eztabaidatzen hasi dira, edo, agian, aspalditik heldu zen eztabaidak orain hartu du indarra. Ikertzaile batzuk ekosistema berri horiek aztertzen ari dira: interesgarriak ez ezik, batzuetan oso dibertsoak ere ba omen dira, eta zerbitzu ugari ematen omen dituzte. Horrek bultzatu ditu planteatzera jatorrizko ekosistemak kosta ahala kosta berreskuratzen saiatu baino hobe ez ote den ekosistema berri horiek garatzen uztea.

Honaino eztabaidaren deskripzioa, hemendik aurrera nire iritzia.

Zalantzarik gabe, espezie inbaditzaileak oso interesgarriak dira, besterik ez bada, ulertzeko zergatik bihurtzen diren inbaditzaile. Eta, zer esanik ez, inbaditzailez eratutako ekosistema horiek oso interesgarriak izan daitezke, haiei begiratuta asko ikas baitezakegu ekosistemen autoantolaketaz. Horrez gain, onartzen dut jatorrizko ekosistemen zerbitzuak askotan neurriz kanpo goresten ditugula. Batetik, zerbitzurik ematen duen edo ez, ez dagoelako jatorriaren menpe, beste ezaugarri xeheagoen menpe baizik. Eta, bestetik, natura ez genukeelako soilik ematen digunaren arabera baloratu behar, gure haurrak izan dezaketen salneurriaren arabera baloratzen ez ditugun bezalaxe.

Baina bada honetan guztian gehiago kezkatzen nauen kontu bat. Zalantzarik ez dut, munduan inon aurkituko da ekosistema berriren bat ekosistema zaharrak bezain dibertsoa dena, eta badira espezie inbaditzaileak ekosistema naturaletan txertatu direnak, jatorrizko espezierik suntsiarazi gabe. Adibideak amaieran aipatzen den artikuluan aurki daitezke. Baina ohikoena kontrakoa delakoan nago: ekosistema berri horietan espezie gutxi eta kontserbaziorako interesik ez dutenak daude, eta, espezie exotikoak hedatu ahala, bertakoak suntsitu egin ohi dira. Alegia, arazoari mundu mailan erreparatzen badiogu, espezie askoren galera dakar horrek, leku askotan arrunta dena gero eta arruntagoa bilakatzen baita, lekuan lekuko berezitasuna galtzen doan bitartean. Gure ibaiei begiratu besterik ez dugu. Iberiar penintsulan ditugun arrain-espezie gehienak exotikoak dira, eta horiexek dira bertako espezieen biziraupenerako arriskurik nabarmenena. Horrek ez du esan nahi espezie exotikoak errotik erauzi behar ditugunik, nekazaritzan bezala, beste esparru askotan erabilera interesgarriak baitituzte horietako askok. Baina mundua ziztu bizian berdintzen ari gara, ohiturak, bizimoduak eta espezieak lekutik lekura aldatzen, eta horrek mundua aspergarriagoa egitea dakar.

Noski, helburua ez da, ez daiteke izan, jendeak ukitu gabeko egoera naturala berreskuratzea. Ez dut uste inor horretan ari denik. Izatekotan, duela gutxira arte munduak izan duen dibertsitate ikaragarri horren parte bat kontserbatzea da helburua, naturak milioika urteko esperimentuan garatu dituen ekosistemetako batzuk mantentzea, hortik kanpokoa egunetik egunera aldatzen ari garela kontuan hartuta.

Beste modu batean azalduz, ekosistema natural batzuk kontserbatu nahi ditugu, gure seme-alabek ezagutu dezaten nolako dibertsitate zoragarria zuen munduak duela gutxira arte. Haiek zerbitzu interesgarriak ematen badizkigute hobe, baina, bestela ere, kontserbatu egin nahi ditugu. Barkatuko ahal didazue, baina heresia larri bat botatzera noa. Ez dut uste elikaduraren aldetik oso desberdinak direnik McDonald's eta Arzak. Bigarrenak, noski, askoz ere sukaldaritza zainduagoa du, baina ez nuke bertako dastatze-menua egunero jatera behartuta egon nahi. Baina sabela betetzeko duten balioa oso desberdina ez den arren, ez didazue ukatuko mundua askoz leku tristeagoa izanen zenik jantoki guztiak McDonald's-ek hartuko balitu. Hemen ere, dibertsitatean dago gakoa.

Gehiago jakiteko: Marris, E. 2009. Ragamuffin Earth. Nature , 460:450-453.

Elosegi, Arturo
2
262
2010
3
026
Ekologia
Analisia
52

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.