Eskertuko du seme-alabak haren zelulak gordetzea?

Nicolás, Pilar

EHUko ikertzaile kontratatua. Zuzenbidea eta Giza Genoma unibertsitate arteko katedra

Urte batzuetatik hona, haurdun gelditu, eta pertsona askok galdegiten diote bere buruari baliagarria ote den jaioko den umearen zilbor-hesteko zelulak gordetzea, eta nola eta non egin jakin nahi izaten dute. Zalantza, egia esan, seme-alaben etorkizunerako balizko mesedeari buruzkoa da; baina Espainian zelula horiek ez dira zehazki ikuspegi horrekin gordetzen, edo ez bakarrik, ikusten badugu nola arautu den eta medikuntzak gaur egun zer aukera eskaintzen dituen.

Eskertuko du seme-alabak haren zelulak gordetzea?
2009/06/01 | Nicolás, Pilar | EHUko ikertzaile kontratatua. Zuzenbidea eta Giza Genoma unibertsitate arteko katedra
(Argazkia: Hongoi Zhang/123RF)

Zilbor-hesteko zelulak gordetzeak helmuga "zuzen" bat du: gaixo dauden pertsonei hezur-muin transplantea egin ahal izatea; eta "balizko" helmuga du etorkizunean tratamendu autologoak (alegia, seme-alabarentzako izango direnak) egitea. Aplikazio klinikoen eraginkortasuna oso desberdina da kasu batean eta bestean.

Zilbor-hesteko odoleko zelulak oso baliagarriak dira hezur-muineko gaitzak dituzten pertsonei transplantatzeko, adibidez, leuzemiak jotakoei; baina nekez erabili ahal izango ditu jatorrizko banakoak inoiz. Arrazoia da haurtzaroan egiten diren transplante askoren atzean oinarri genetikoa edo jaiotzetikoa duten gaitzak daudela, eta, hortaz, litekeena dela gaitza zilbor-hesteko zeluletan presente egotea. Jaiotzatikoak ez diren gaitzentzat, munduan hirutan besterik ez dira egin zilbor-hesteko zelulen transplante autologoak; beste norbaitek emandako zelulekin, berriz, 6.000 transplante baino gehiago egin dira. Kontuan izan behar da zilbor-hesteak zelula ama hematopoietiko oso gutxi izaten duela, eta, horrenbestez, umeei edo oso pisu txikiko helduei transplantatzeko besterik ez direla aski; hain zuzen, beste teknika bat erabiltzen da gaur egun nagusiki: zelula amak zuzenean jasotzen dira odol-zirkulaziotik, konplikazio oso gutxiko metodo sinpleen bidez. Gainera, leuzemia- eta linfoma-mota batzuetan, tratamendua eraginkorra izan dadin, funtsezkoa da emaile baten zelulak jasotzeak eragiten duen arrotzaren aurkako txertaketa-erreakzioa, berriz gaixotzea eragozten baitu.

Transplanterako duen erabilgarritasunaz gain, beste aukera baten berri eman dute birsorkuntza-medikuntzaren arloan izandako aurrerapenei buruzko albisteek: kaltetutako ehunak edo organoak osatzeko balioko dutela, etorkizunean, orain kontserbatutako zelulek.

Egiazki, zelula-terapien arloko ikerketek geroz eta interes handiagoa pizten dute (Espainian bakarrik 50 talde baino gehiago ari dira horretan ikertzen, eta badira horretan bakarrik aritzen diren ikerketa-zentro batzuk), baina haien aplikazio klinikoek oso garapen-maila txikia dute oraindik. Bestalde, kontuan hartu behar da birsorkuntza-medikuntzan ez dela zilbor-hesteko zelulekin bakarrik ikertzen; enbrioien eta helduen zelulekin ere lan egiten dute. Hau da, zilbor-hesteko zelulak ez dira izango, izatekotan, etorkizunean halako terapietan aplikatu ahal izango diren zelula bakarrak.

Horrenbestez, garrantzitsua da nabarmentzea bankuek egiazko informazioa eman behar dutela aukera horiei buruz. Araudiak berariaz debekatu du (gehiegikeriei aurrea hartzeko) publizitate engainagarria: gaur egungo jakintzan eta esperientzian oinarritutakotik kanpora, ezin da giza zelulak eta ehunak eskuratzeak, prozesatzeak eta gordetzeak izan ditzakeen erabilera autologoei buruzko okerreko usterik zabaldu. Gainera, promozioa eta publizitatea ikuspegi orokorrarekin egin behar da beti, ezin da pertsona zehatzentzako onurarik bilatu, eta adierazi egin behar da borondatezkoa, altruista eta desinteresatua dela.

Egoera zein den jakinda, haurdun dagoen emakumeak zilbor-hesteko odol-emaile izan nahi duenean, zilbor-hesteko odol-banku batera jo behar du Espainian, edo baimendutako amaetxeetako batera. Espainian horrelako 132 amaetxe daude, eta 14 zilbor-hesteko odol-banku publiko (Euskal Autonomia Erkidegoan: Transfusioen eta Giza Ehunen Euskal Autonomia Erkidegoko Zentroa, Gurutzetako Ospitalea eta Donostia Ospitalea). Zerrenda osoa Transplanteen Erakunde Nazionalaren webgunean dago: www.ont.es

Umea jaioko deneko zentroak berariazko baimena izan behar du zelulak erauzteko, eta jasoko dituen bankuak biltegiratzeko. Gainera, amaetxeak eta bankuak hitzarmen edo akordio bat izan behar dute indarrean.

Espainian horrelako bankuetan biltegiratutako zelula guztiak Hezur Muinaren Emaileen Espainiako Erregistroaren (REDMO) eskura egongo dira, eta transplantea behar duen edozein gaixo tratatzeko erabili ahal izango dira.

Odola atzerrira bidaltzeko, Espainian biltegiratzeko baldintza berdinetan, erauzte- eta biltegiratze-zentroek baimena eduki behar dute, eta hitzarmen bat izenpetu. Gainera, zentroa Europako Batasunetik kanpora baldin badago, baimena eskatu behar zaio Transplanteen Erakunde Nazionalari.

Balizko erabilera autologoari begira, araudiaren eskakizunak betetzen dituen zentro pribatu batean gorde daitezke zelulak. Zentro horien jarduerak irabazi-asmorik gabekoa izan behar du; banku publikoen kalitate-estandar berberak bete behar dituzte; eta biltegiratutako unitate guztiak Hezur Muinaren Emaileen Espainiako Erregistroaren esku jarri behar dituzte, edozein gaixok erabili ahal izateko.

Pilar Nicolas. EHUko ikertzaile kontratatua. Zuzenbidea eta Giza Genoma unibertsitate arteko katedra

Nicolás, Pilar
2
254
2009
6
030
Medikuntza; Etika
Analisia
60

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.