Zirkuitu elektroniko malguak egiteko modu bat asmatu dute Zuricheko ETH institutuko ingeniari batzuek, eta Nature Communications aldizkari espezializatuan argitaratu dute. Zirkuitua siliziozko oinarri zurrun baten gainean egin beharrean, parilenozko geruza malgu baten gainean egin dute, medikuntzan asko erabiltzen den material polimeriko baten gainean, alegia. Hala ere, parilenoa oinarri duen gailu hori egiteko, silizioa bera erabili behar dute.
Gakoa da zirkuitua ohiko moduan egitea, baina fabrikazio-prozesuan ohi baino geruza gehiago tartekatuta. Siliziozko plaka zurrunaren gainean, zirkuitua bera egiteaz gain, ETH institutuko ingeniariek bi geruza gehitu dituzte: parilenozko geruza malgu bat eta alkohol polibinilikoz egindako beste geruza bat. Alkohol polibinilikoa parilenoaren eta silizioaren artean jarri dute, uretan disolbatuta ken daitekeelako eta, hala, siliziozko geruza zirkuitutik askatu egiten delako. Emaitza parilenoaren gaineko zirkuitu malgu bat da.
Metodo horren bitartez egindako zirkuituak oso meheak dira, mikrometroaren ordenakoak, eta, malguak izateaz gain, gardenak ere badira. Ingeniarien ustez, edozein gainazaletan, baita bizidunen azalean ere, itsas daitezkeen zirkuituak dira. Horri esker, adibidez, landareen hostoetan itsas daiteke. Eta giza gorputzeko edozein ehunen gainean, sentsore baten osagai elektronikoa izan daiteke.