Erregai erradioaktiboen trafikoa azkenaldi honetako moda bihurtu zaigu. Merkatu beltzean lortzen den erregai hori bonba nuklearrak eraikitzeko edo zentral nuklearrak elikatzeko ote den jakitea zaila izango da. Dena den, Europan inon baino zentral nuklear gehiago dagoela eta erregai-erreserbak, hots, uranio-erreserbak, 150.000 tonakoak direla, (beraz eskas direla) eta egun gerra atomikoa urrun samar dagoela kontutan hartuz, erregai erradioaktiboen trafikoak fisiozko zentral nuklearrak dituela helburu iruditzen zait.
Plutonio-trafikoa Sobietar Batasuna izandakoan sortu dela ere esan digute berriemaileek. Bertako zentral nuklearretan kaosa omen da jaun eta jabe eta, ondorioz, mafia desberdinak dira plutonioarekin edo teknologiarekin, oro har, trafikatzen dutenak. Sobietar Batasunean garatutako teknologia eta hezitako zientzilariak joan den hamarkadan puntaren puntan izan zirela badakigu. Gaur egun, ostera, bertako lantegiak, zentral nuklearrak, etab. zabortegi teknologiko bihurtu dira neurri handi batean; izan ere, aipatu teknologia eta lantegiak mantentzeko ez omen dago pertsonal koalifikaturik.
Non daude, bada, joan den hamarkadan hain puntakoak ziren zientzilariak?
Galdera honen erantzuna uste baino azkarrago aurkitu dut zenbait zientzi aldizkari irakurri ondoren, eta erantzuna kezkagarria izan dela aitortu behar dut. Antza denez, emigratu egin omen dute zientzilariek. Zientzilari-emigrazioa normala da estatu espainolean bizi garenontzat. Gainera zientzilariarentzat ohorea izaten da atzerriko unibertsitateetan ikastea. Baina, Sobietar Batasun ohian gertatu denak marka guztiak apurtu ditu. Nolabait esan, bertako ikerlari eta zientzilariekin tonbola antolatu da, erosleak mendebaldeko unibertsitate eta ikerketa-zentruak izan direlarik. Ordaindutako prezioa, denda batek porrot egiten duenean bere produktuak likidatzen dituenaren parekoa izan da.
Suitzako CERNera egindako bisitan frogatzerik izan nuen arestian esandakoa. Gainera, bertan beste arazo bat detektatu nuen, hots, bi sosekin ekarritako ikerlariak puntakoak izanik, zertarako mantendu hain soldata handiak eta aurrekoen pareko maila zientifikoa edo txikiagoa duten bertako zientzilariak?
Aipatu arazoa, dena den, oso txikia da Sobietar Batasun ohian gertatzen ari denarekin alderatuz; hemen zientzilari-ihesaren eraginez garai bateko industria zabortegi teknologiko bihurtzen ari baita, eta batzuetan oso zabortegi arriskutsua gainera (zentral nuklearrak adibidez).
Egoera honi aurre egiteko mendebaldeko estatu aberatsak tratuan hasiak dira Sobietar Batasuna osatzen zuten estatuekin eta elkarrizketak edo lortutako akordioak isilpean egin badira ere, hipoteka politiko eta ekonomiko larrian gaudela iruditzen zait. Beraz, unean uneko irtenbide hauek etorkizuneko gatazka-inbertsioak direla pentsatzen dut. Gainera, gaur egungo egoeran, irtenbide orokorra ere zaila ez eta ezinezkoa dela esango nuke, zientzia eta teknologiaren oinarriak aldatzen ez diren bitartean, hau da, zientzia eta teknologia garapenaren zerbitzura ez eta gizakiaren zerbitzura jartzen ez den bitartean. Ikusmolde-aldaketa honek ez du garapenaren kontra zertan egon behar, baina garapena teknokrazia edo produktibitate huts den bitartean bai.