Zientzia eta erlijioa: Elkarrizketarako bideak

Supertxikia den unibertsoaren aurkikuntza izan da gure mendeko iraultzarik handienetakoa. Mundu subatomikoaren jokabidearen (eta beraz kontrolaren) azterketa, jadanik, ia-ia ehun urte diraun historia baten lana dugu. Historia hori da, hain zuzen, fisika kuantikoaren historia.

Zatiki subatomikoen jokabidea definitzeko eman zen oinarrizko eta lehenengo urratsa funtzio matematiko bat asmatzea izan zen. 1925. urtean lan hori burutu zuen zientzilaria Erwin Schrödinger dugu. Funtzio matematiko horren (“uhin-funtzio” deritzona) bitartez, laborategiko esperimentazioan, zatiki subatomikoen kokapena, probabilitate handiago edo txikiagorekin, aurki daiteke. Formula hori hain egokia denez, bere bitartez (eta beste printzipio batzuren bitartez) laserren, superjariakinen, supereroaleen, elektroi mikroskopikoen edo neutroi-lehergailuen teknologia boteretsuak sortzea posible izan zen. Baina, teoriaren funtzionamendu faktiko horrekin batera arazoak sortu dira, teoria horrek eskaintzen digun unibertsoaren irudia intuizioarekin guztiz kontrajarria baitago.

1927. urtean Einstein eta Bohr-en artean, teoria kuantikoaren sortzaileak izan zirenen artean, oso debate sakona hasi zen teoria horrek duen edukin filosofikoaz. Bohr-en eritziz uhin-funtzioak deskribatzen duen mundua, bere baitan, probabilista da. Scrödinger-en funtzioak ez digu atomoaren orbitan elektroi bat aurkitzeko dauzkagun probabilitateak bakarrik definitzen, probabilitate horiek atomoaren identitatea orbitaren leku desberdinetan sakabanaturik dagoela ere definitzen digute. Elektroiaren nortasuna, beraz, orbitaren zonalde desberdinetan diluiturik dago. Are gehiago, elektroia behatzen ez den bitartean orbita horretan zatikiak existentzia potentziala baino ez du izango. Horrek, zientzilariek behatzen ez duten bitartean mundu mikrofisikoa determinaturik gabe dagoela esan nahi du.

Einstein-ek, formazio klasikoko pentsalaria izanik, ezin zuen Bohr-en ikuspuntu hori onartu eta horregatik, Schrödinger-en funtzioak probabilitate subjektiboa baino ez zuela adierazten defenditu zuen. Subjektibo hitzarekin uhin-probabilitateak mundu mikrofisikoaz dugun ezjakintasuna azaltzen duela esan nahi zuen. Einsteinen eritziz aldiz, mundu mikrofisikoa guztiz determinaturik dago (elektroiaren posizioa eta abiadura, adibidez) eta fisika kuantikoak aldagai horiek bere formuletan azaltzen ez baditu osatu gabeko teoria delako da, zuzena bada ere. Einsteinek izkutuko aldagai horiek kontutan hartuko zituen teoria bat sortzea proposatu zuen, horrela fisika determinista klasikora etorriz.

Ideia horiek argitu nahian 1935. urtean EPR (Einstein-Podolsky-Rosen zientzilarien izenen ikurrak) deritzon paradoxa azaldu zuen bertan egoera horren berri emanez. 1964. urtean John Bell fisikari irlandarrak paradoxa hori termino logikoetan azaltzea lortu zuen formula matematiko baten bitartez. Teoria mailan, gutxienez, jadanik posible zen jakitea debate hartan nork zeukan arrazoi, Einstein-ek ala Bohr-ek. 1981. urtean Alain Aspect-ek formula logiko hori egiaztatzeko laborategiko esperimentu berezi bat burutzea lortu zuen, eta esperimentu horien ondorioak erabatekoak izan ziren: mundu mikrofisikoa indeterminaturik dago behatua izan aurretik.

Hau gehiegi izan da fisikari askorentzat kontutan hartzen badugu, gainera, fisikariek beren lanari buruz historikoki izan duten irudia. Fisikarien lana objektibitatearen eta determinismoaren mundua izan da beti eta hori izan da, hain zuen, metazientziarekin izan duten mugarrietako bat. Non zegoen beraz fisika? Ez da harritzekoa, fisikari asko instrumentalismo hutsean erori izana. Instrumentalisten eritziz teoria kuantikoa oso erabilgarria da teknologia sortzeko eta natura kontrolpean edukitzeko, baina ez da errealitateari buruzko irudi orokorra emateko gai.

Azken emaitzek sortutako iraultzaren aurrean David Bohm-ek (Einstein-en ikasle izan zenak), bere maisuak bezala, unibertsoa erreala dela eta sakonki determinaturik dagoela defenditu zuen. Bere eritziz, errealitate unibertsala egungo zientziak aztertzen duen dimentsioetatik kanpo dagoen euskarri sakonagoan dago uztarturik. Gure mailan bereiztuta agertzen diren kualitateak (zatiki indibidualak, izaki bizidunak, adimena, etab...) maila sakonean unibertso kosmikoak duen batasunaren isladak baino ez dira. Eredu hori 1951. urtean matematikoki garatu zuen, eta 1980. urtean burutu. Ikuskera honek Aspect en esperimentuaren indeterminismoa gainditzen du.

Bohm-en razionalismo berria ez da zientzilarien artean kontutan hartua izan. Heterodoxoa da eta gainera gaur egun Krishnamurti-rekin, Indian dagoen maila altueneko filosofo batekin, ari da lanean ekialdeko filosofoek espazio eta denborari buruz dituzten kontzeptuak aztertzen. Hau gehiegizkoa izan da zientzia ortodoxoarentzat eta Nobel sarirako hautagai izendatua izan zen fisikaria saiatzen ari da ahazten.

Zientziaren filosofiarako muina izan zen “Tractatus”-a idatzi ondoren Wittgenstein filosofoari liburu harekin hitz egin daitekeenari buruzko mugak jadanik jarriak zituela eritzi omen zioten eta berak, zirkulu bat marraztuz, honako hau erantzun omen zuen:

Bai, hitz egin daitekeenari buruzko mugak (zirkulu honenak) markatu ditut, baina niri interesatzen zaidan mundua zirkulu honetatik kanpo dagoena da, zientziak hitz egin ez dezakeenaz hain zuzen”. Albert Einstein-ek bere memoria filosofikoetan “zenbat eta zaharrago izan hainbat eta mistikoago (metazientifikoago) sentitu” zioen, alegia, zientziak erantzuten ez zituen galderataz gero eta arduratuago zegoela, garrantzitsuenak galdera horiek baitziren. Mendebaldean izan ditugun maila altueneko pentsalarien arteko bi adibide baino ez dira hauek. Guztiok badakigu Bohr-ek eta Schrödinger-ek ekialdeko mistikarekiko izan zuten atxekimendu eta grina, fisika kuantikoak zituen hutsune interpretatiboak mistika urrun haietan aurkituko zituztela uste baitzuten. Eta zer esan Heisenberg-ek grekoen filosofiara izan zuten hurbilketaz?

Fisika kuantikoak zientziaren eta erlijioaren (mistikaren, metazientziaren) arteko bide berriak zabaldu ditu, pentsamenduaren adar horiek elkarrengandik aldendu zirenetik 500 urte geroago. Elkarrizketa honek emango duen emaitza gerora ikusiko da baina, formazio filosofikoa duten zientzilarien artean ez dago jadanik zalantzarik, ezagutzak (zientifikoa bada ere) ez du automatikoki jakintza sortarazten eta egungo mendebaldeko zientziak garbi azaltzen du ezgaitasun hori. Mendebaldeko zientziak apaltasunez jokatu beharko du bere ekarpen aurrerakoia gizarteratu nahi badu, eta zientziaren egituran nuklearra izan den dogmatismoa (T. S. Kuhn-ek era ezin adierazgarriagoan azaldu duen bezala) alde batera utzi beharko du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila