Zetaren proteinek kontzentrazio txikietan errazago eratzen dituzte hariak.
Oxford Unibertsitateko ikertzaile batzuek lotura bitxi bat aurkitu dute zetaren proteina-kontzentrazioaren eta zetaren sorreraren artean. Zetarretatik laginak aterata egin dute ikerketa, zeta berez sortzeko prozesura hurbiltzeko. Eta, ikusi dutenez, zeta-proteinek ez dute zeta-haririk sortzeko joerarik, hain da handia duten kontzentrazioa. Diluitu egin behar izan dituzte horretarako.
Neutroien dispertsio-teknikak erabili dituzte ikerketan, bide onenetako bat baita jakiteko atomoak non kokatzen diren eta nola mugitzen diren. Bada, ikusi dute zeta-arretan mililitroko 400 miligramorainokoak direla zetaren proteina-kontzentrazioak. Kontzentrazio horietan, baina, oso elkarrekintza txikia hauteman dute proteinen artean, trinko-trinko tolestuta baitzeuden.
Zetarretatik ateratako proteinen kontzentrazioa txikitzean (urarekin diluituta), ordea, ikusi dute zetaren proteinak pixka bat destolesten direla, eta, orduan bai, elkarri lotzen hasten direla eta zetaren zuntz ordenatuak eratzen dituztela. Ikerketa-taldeko buruak adierazi duenez, "espero zutenaren kontrakoa ikusi dute".
Lehenengo aldia da zuzenean zetarrak erabiltzen dituztela zetari buruzko ikerketak egiteko. Orain arte, batez ere zetazko kapuluekin egin izan dira horrelako ikerketak, askoz kantitate handiagoetan eskuratzen baitira proteinak, eta ez baita animaliarik mantendu eta manipulatu behar.