Zer dira olatuak eta zenbat energia dute?

Mujika, Alfontso

Elhuyar Fundazioa

Itsasoaren azalean sortzen dira olatuak haizearen eraginez, hau da, haizeak indarrez eta norabide finkoaz uraren azala jo eta bultza egiten du; hark duen energia zinetikoaren zati bat uretara iragan eta han kontzentratu egiten da, metatu alegia. Haize-energia eguzki-energiaren ondorioz sortzen da; beraz, olatuen energiak, zeharka bada ere, Eguzkia du sorburu.

Uhin sinusoidalak izaki, olatuen ezaugarri nagusiak anplitudea, uhin-luzera eta periodoa dira. Anplitudea altueraren erdia da, eta altuera olatuaren zatirik garaienaren (gailurra) eta baxuenaren (sakonunea) arteko distantzia bertikala da. Uhin-luzera ondoz ondoko bi gailurren arteko distantzia horizontala da eta periodoa ondoz ondoko bi olatuk puntu finko batetik iragaiteko behar duten denbora da.

Altueraren eta uhin-luzeraren arteko erlazioa erabiltzen da olatuak sailkatzeko. Horren arabera, uhin txikiak (adibidez, uhin-luzera altuera baino 150 aldiz handiagoa dutenak) eta uhin txikiak (adibidez, uhin-luzera altuera baino 15 aldiz handiagoa baino ez dutenak). Baina, zenbat energia metatzen dute olatuek?

Haizearen norabidea eta indarra oso aldagarria denez, haren eraginez sortutako olatuak ere aldagarriak dira. Gainera, uraren sakonerak ere eragina du olatuan. Uraren azalean gertatzen den fenomenoa da olatua, baina uraren sakonera olatuaren uhin-luzeraren erdia edo txikiagoa bada, hondoak olatuaren behealdearen higidura oztopatu eta, ondorioz, olatuaren abiadura eta altuera murriztu egiten da. Hori dela eta, olatuek zenbat energia garraiatzen duten kalkulatzea arrunt konplexua da. Olatuaren energia uhin-luzerarekiko eta altueraren karratuarekiko proportzionala da. Energia hori neurtzeko saio asko egin dira eta, oro har eta batez beste, zabalerako metroko 45 kilowatteko potentzia dutela jotzen da.

Baina, esan bezala, olatuak ez dira berdinak toki guztietan. Goiko mapan ikus daiteke kostalde "olatutan aberatsak" mendebaldeko kostaldea ozeanoari begira dutenak direla, 40° eta 60° arteko latitudean batez ere: Txile, Hego Australia, Zeelanda Berriko Hego irlaren hego-mendebaldea eta Europako mendebaldea, batez ere Irlanda, Eskozia eta Islandia, bai eta Kanadako eta Hegoafrikar Errepublikako mendebaldea ere.

Alabaina, olatu indartsuak izateak ez dakar nahitaez olatuen energia ustiatzeko erraztasuna, beste faktore batzuk ere badaudelako. Adibidez, leku horietako batzuk oso bakarturik daude eta haietara iristeko garraiobideak ez dira egokiak. Beharbada, lekurik egokienetakoak Ozeano Bareko erdialdeko irletan daude, han olatuen energia oso handia ez bada ere, olatuen energia eta norabidea aski finkoak direlako. Gainera, irla horietan ez dago erregai fosilik eta energia elektrikoa ekoitzi ahal izateko petrolioa inportatu egin behar izaten dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila