Jendeak platerak garbitzean zenbat ur, energia eta xaboi gastatzen duen jakiteko, azterketa bat egin dute Alemaniako Bonngo Unibertsitatean.
Ikertzaileek platerak garbitzeko ohiturak aztertu dituzte Europako zazpi herrialdetan. Azterketan, 75 boluntariok hartu dute parte. Horiek lau kideko familia batek egunean normalean zikintzen dituen ontziak eta mahai-tresnak garbitu dituzte, eta ikertzaileek lan hori bideoan jaso eta zenbat ur, energia eta xaboi gastatu duten neurtu dute.
Emaitza deigarria da, batez ere ur kontsumoari dagokionez: batzuek 15 litro ur besterik ez dute behar, eta beste batzuek, aldiz, 345 litro ur xahutzen dute. Plater-ikuzgailu berrienek, berriz, 12-20 litro ur gastatzen omen dituzte.
Gainera, eskuz garbitzean plater-ikuzgailua erabilita baino bi aldiz energia gehiago gastatzen da, eta ontziak ez dira hain garbiak gelditzen. Dena dela, kontuan hartu behar da ikerketaburuak etxetresna elektrikoen enpresa batean egiten duela lan. Argigarria, ezta?