X izpien moduko erradiazioak DNA kateak apurtzen ditu. Dosia zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gehiago. Eta zelulak neurri berean konpontzen ditu.
Alemaniako Saarland Unibertsitateko ikertzaileek ikusi dutenez, apurketa asko daudenean zelulak azkar konpontzen ditu; gutxi direnean, aldiz, ez. Apurketa-kopurua hamar zelulako bat inguru denean, konponketa eten egiten da. Gainera, hausturak dituzten zelulak erdibitzeko kitzikatuz gero, hil egiten direla ikusi dute.
Haustura-kopuru hori, erradiazio-dosi oso txikiekin gertatzen direnen parekoa da, adibidez, erradiografiak egitean. Dena dela, ikertzaile alemaniarren arabera, aurkikuntzak ez du esan nahi X izpien dosi txikiak osasunerako bereziki txarrak direnik, kalteak txikiak direlako. Ikertzaileen ustez, mekanismo hau erabat logikoa da.
Kaltetutako zelula-kopurua hain txikia izanda, logikoa da organismo batek haustura guztiak ez konpontzea, konponketa-mekanismoan ere askotan akatsak gertatzen direnez, seguruagoa zaiolako zelula gutxi batzuk hiltzea.