Zelula amen ikertzaileak, bidezidorrak asmatzera behartuta

Heldu baten larruazaleko zelula bat eta zelula ama enbrionario bat, zelula bakarrean fusionatuta.

Zelula amekin egiten diren ikerketek bi eratako oztopoak dituzte, batzuk teknikoak dira, eta besteak, etikoak. Esperimentuetan enbrioiak erabiltzea eta ume bilakatzeko aukerarik ez ematea da arazoa. Jende askok ezin du hori onartu, eta, horiekin bat eginik, NIH AEBetako osasun-institutuak baldintza zorrotzak jarri dizkie enbrioien zelula amekin ikerketak egiten dituztenei.

Zientzialariak, ordea,
ez dira kikildu, eta bidezidorrak asmatu behar izan dituzte oztopo etikoak gainditzeko. Hala, aurrerapauso handiak egin dituzte azkenaldian, eta, horiei esker, litekeena da aurrerantzean enbrioien zelula amekin egiten diren ikerketek gizarte osoaren oniritzia jasotzea.

Adibidez, Harvard Unibertsitateko ikertzaileek lortu dute heldu baten zelulak enbrioien zelula amak bezain totipotenteak bihurtzea, zelula amekin fusionatuz. Polietilen glikola erabili dute horretarako, eta, sortzen diren zelulek kromosoma-kopuru bikoitza badute ere, geneen espresioa zelula amena bezalakoa da. Fusio horri esker, obuluak erabiltzea saihestu dute; hortaz, ez dago enbrioirik tartean. Gainera, zelula hibrido horiek terapian probatu dituzte, eta oso emaitza onak izan dituzte.

Beste talde batzuek beste bide batetik jo dute: enbrioiak bestela ere ez zukeela garatzeko aukerarik izango bermatuz gero, ezin da esan enbrioia suntsitzen denik. Hori lortzeko, bi aukera probatu dituzte. Portlandeko Unibertsitatekoek enbrioiaren lehen faseetan ezinbestekoa den gene bat blokeatzen dute. Princeton Unibertsitateko taldeak, berriz, genea blokeatu beharrean, beste bat neurriz gain espresaraztea proposatu du. Bietara ere, sortzen den enbrioiak ezin du aurrera egin, baina haren zelulak erabilgarriak dira ikerketetan.

Argi dago lehentxeago edo geroxeago zientzialariek asmatuko dutela aurrera egiteko bidea. Oztopoak oztopo, pausoz pauso.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila