Estatu Batuetan, Buffaloko Unibertsitateko eta Shriners Burns Ospitaleko (Boston) bioingeniariek KGF (Keratinocyte Growth Factor-en siglak) izeneko proteina erabili dute zauriak bizkorrago sendatzen lagunduko duen azal artifiziala egiteko. Izan ere, proteina horrek berezko azaleko zelulak ugaltzea eragiten du. Sortutako ehunaren oinarria molekula-sare batez osaturiko mintza da. Epidermiseko zelulak erraz egokitzen dira sare horretara eta berezko azalaren konposizioa eta topografia errespetatzen dute.
Gainera, kolageno-gelez egindako azal artifizialek ez bezala, azal berri honek egonkortasun mekaniko handia du eta erraz manipula daiteke. Garrantzitsuena, hala ere, eskaintzen duen babesa da. Deshidratazioa eragozten du eta azala organismo patogenoen aurka babesten du.