Zarata, besteentzat bakarrik

Porichthys notatus arraina gai da zarata egiteko eta, aldi berean, kanpoko soinuak entzuteko.
Arrain hori Ipar Amerikaren mendebaldeko kostan bizi da,
eta oso berezia da. Izan ere,
oso arrain gutxik sortzen dituzte soinuak, baina honen arrak burrunba ozena ateratzen du ugaltze-sasoian emea erakartzeko. Hain da zaratatsua, San Frantziskoko badiako biztanleak kexu dira, ur azpian dabilen motor bat dirudielako.

Zaratak bizilagunei eragozpenak sortzen badizkie ere, arrainari berari ez dio inolako trabarik eragiten. Cornell Unibertsitateko ikertzaileek ikusi dutenez, sistema berezi bat du ateratzen duen soinua sortzen duen une berean blokeatzeko. Hurrengo milisegundoan, ordea, blokeoa eten egiten da eta, hartara, gai da kanpoko soinuak entzuteko. Nolabait, entzumenaren blokeoa eta bokalizazioa sinkronizatuta daude arrainaren garunean.

Argazkian nerbio-bulkaden grafikoa agertzen da. Horiz azaltzen dira ahots-giharretara doazen bulkadak; horien ondorioz sortzen du burrunba. Soinua, hala ere, pittin bat geroago sortzen da, bi punta horiren artean, hain zuzen. Une horretan, garunak seinalea bidaltzen du arrainaren belarrira (grafikoan, gorriz). Seinale horren bidez, entzumena blokeatuta gelditzen da, juxtu soinua igortzen den unean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila