Zakilaren jatorri ebolutiboa azaldu dute Harvardeko Unibertsitateko genetikariek. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, kanpo-genitalen garapena ez da berdina ornodun lurtar guztietan. Hain zuzen, ugaztun gehienetan, zakila garatzen duten zelulak isatsa sortzen duten zelula enbrionarioetatik eratortzen dira; sugeetan eta beste narrasti batzuetan, berriz, atzeko hankak sorrarazten dituztenetatik.
Oilaskoen enbrioiekin egindako esperimentuetan, ikertzaileek ondorioztatu dute kloakaren kokapena gako dela organoen garapenean, horren arabera garatzen baitira hesteak, sexu-organoak eta gernu-aparatua. Nonbait, enbrioi-fasean, kloakak bidaltzen ditu zelulak bideratzea eta ehun bat edo beste garatzea eragiten duten seinaleak. Ugaztunetan, kloaka isatsaren ernamuinetik gertu dago, eta, narrastietan, berriz, atzeko hanken ernamuinetik hurbil.
Horrenbestez, frogatu dute elkarrekiko desberdinak diren zelula-populazioak gai direla kloakaren seinaleari erantzuteko eta sexu-organoak garatzeko.