Kometaren azalean gelditu aurretik emandako lehen boteak bi ordu iraun zituen, eta ibilgailua kilometro bateko altuerara igo zen. Bigarren botea txikiagoa izan zen, baina, bien ondorioz, Philae urrundu egin zen lur hartzeko leku egokienetik, Agilkiatik. CONSERT tresnari esker, B puntu izenez ezagutzen duten sakonune handi batetik hurbil egon daitekeela kalkulatu dute, eta espero dute Rosettaren bereizmen-handiko irudiek lagunduko dietela ibilgailua topatzen.
Kokapen berrian duen arazoetako bat da itzalean geratu dela. Horren ondorioz, eguzki-panelek ez dute behar adina argirik jasotzen. Orain, aztertzen ari dira panelak eguzkirantz orientatzeko aukera, edo Philae biratzekoa. Bitartean, Philaeren CIVA kamerak dagoeneko hartu ditu kometaren azalaren irudiak. Haien arabera, milimetro bat eta metro baten arteko hauts-partikulez eta arrokez estalita dago, eta ibilgailua horma batetik gertu dago; bestalde, badirudi hanketako bat airean duela.
Philaeren bateria agortu baino lehen, ahalik eta probetxu handiena ateratzea erabaki dute ESAko ikertzaileek. Hala, martxan jarri dituzte tresna zientifikoak, tartean, ezaugarri fisikoak eta tenperatura neurtzen dituena (MUPUS) eta analisi kimikoak egiten dituena (APXS). Zulagailua ere ari da lanean, eta dagoeneko, ari dira jasotzen horiek guztiek hartutako datuak; beraz, aldez aurretik espero zituzten emaitza zientifikoen zati handi bat izango dutela uste dute.
Emaitza horiei esker, kometaren konposizioa ezagutzeko aukera izango dute, bai azalekoa, bai lur azpikoa. Horrez gain, eguzki-sistemaren sorrerari buruzko aztarna garrantzitsuak jasoko dituzte.
Horrenbestez, operazioa arrakastatsua izan dela adierazi dute ESAkoek. "Orain arte inoiz egin gabekoa lortu dugu", esan du, pozik, misioan parte hartzen ari den Ander Martinez de Albeniz ingeniariak. Rosettaren komandoen ardura du, eta, ziurtatu duenez, Philaeren operazioak iraun duen denboran, espazio-ontziak ez du inolako arazorik izan. Hemendik aurrera, eta 2015eko abendura arte, kometari jarraitzea izango da haren eginkizuna. Ordurako, kometa itzulerako bidean izango da, abuztuan Eguzkitik gertuenen izan ondoren.
Kometaren argazki gehiago Rosettaren Filcker-eko albumean.