Y kromosoma, denetan aldakorrena

Y kromosoma, denetan aldakorrena
2010/03/01 | Elhuyar
Esperma-produkzioa hobetzeko estrategia bat izan liteke Y kromosoma oso aldakorra izatea. Arg.: © iStockphoto.com/Christian Antony.

Goitik behera sekuentziatu dute txinpantzearen Y kromosoma Massachusettsko Ikerketa Biomedikoetarako Institutuan, eta, gizakiaren Y kromosomarekin alderatzean, ikusi dute gainerako kromosomak baino askoz desberdinagoak direa elkarrekiko. Nature aldizkarian argitaratu dituzte lortutako emaitzak.

Y kromosoman behatu dituzten desberdintasunak bi taldetan bereizi dituzte ikertzaileek. Batetik, esan dute txinpantzeen Y kromosomak hainbat gene galdu dituela, eta gizakienak beste hainbat bereganatu dituela. Horren ondorioz, gizakien kromosomaren gene-kopuruaren bi heren baino ez du txinpantzeen kromosomak, eta gizakietan proteinak kodetzen dituzten zatien %47 bakarrik ditu txinpantzeen Y kromosomak.

Bestalde, Y kromosoman berrantolaketa handiak izan dituzte bai gizakiak, bai txinpantzeak. Hala, txinpantzeen Y kromosomaren %30 ezin da parekatu edo homologatu gizakiaren Y kromosomarekin. Gainerako kromosometan, berriz, %2an baino ez da horrelakorik gertatzen.

Aldakortasun-maila hori azaltzeko, ikertzaileek bi mekanismo proposatu dituzte. Batetik, esan dute gene berriak garatzeak aukera eman dezakeela esperma-produkzioa hobetzeko. Eta, bestetik, azaldu dute Y kromosomak ez duela errekonbinaziorik egiteko aukerarik X kromosomarekin, eta, hortaz, beste bide batzuetatik jotzen duela bere sekuentzian aldaketak sartzeko.

1
262
2010
3
009
Genetika
Albisteak
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila