"Voyager 2" izarrarteko espazioan sartu zeneko datuak argitaratu dituzte

voyager-2-izarrarteko-espazioan-sartu-da
Irudiak erakusten du zein den Voyager 1 eta Voyager 2 ontzien egungo kokapena, jada heliosferatik kanpo. Arg. NASA/JPL-Caltech

1977an jaurti zutenetik, 18.000 milioi km-ko bidaia egin du jada Voyager 2 espazio-ontziak. Datuek erakutsi dute duela urtebete atera zela heliosferatik, Eguzkiaren eremu magnetikoak eratzen duen babes-burbuila horretatik (eguzki-sistemaren planetak biltzen dituena), eta izarrarteko espazio misteriotsuan barneratu zela. Heliosferaren muga zeharkatu zueneko datuak aztertu dituzte, eta lehenengo emaitzak argitaratu dituzte Nature Astronomy  aldizkarian. Hain zuzen, heliopausa, heliosferaren azken mugari buruzko informazioa eman du.

Voyager 2 ontziaren bikiak, Voyager 1ak, duela zazpi urte zeharkatu zuen heliopausa, baina beste puntu batetik, norabide desberdinetan jaurti baitzituzten. Eta hartan, akats baten erruz, ez zuen apenas daturik bidali heliopausari buruz; ezin izan zuten identifikatu zehazki noiz pasa zen eguzki-plasma berotik izarrarteko espazioaren hotz ikaragarrira. Voyager 2ren kasuan, ordea, plasmaren dentsitatean aldaketa sumatu zuten: plasma, Eguzkiaren burbuilan beroa eta dentsitate txikikoa izatetik, askoz ere hotzagoa eta dentsitate altuagokoa izatera pasa zen izarrarteko espazioan sartu zenean. Ikertzaileak harrituta utzi ditu fluido hutsek ere nola sor ditzaketen mugak.

Orain, muga horren izaera ulertu nahian dabiltza ikertzaileak. Adibidez, argitu nahi dute zer nolako isuria dagoen barrutik kanpora eta kanpotik barrura. Voyager 2ak heliopausa zeharkatu zuenean, burbuilatik kanpora zihoan material-ihesaldi bat ikusi zuten, galaxian 170 milioi km-ko distantziara iritsi zena. Eta, 2012an, Voyager1 ontziak ikusi zuen material-ihesaldi bat, baina, hartan, kanpotik barrurakoa izan zen. Datuak aztertuta, ihesaldi horiek zergatik gertatzen diren argitzeko helburua dute orain zientzialariek.

Izarrarteko espazioko izpi kosmikoak ikertzeko asmoa ere badute, Lurrera % 30 soilik iristen badira ere, eragin handia izan baitezakete etorkizunean Martera misio gidatuak egiten badira.

Voyager bikiek heliosfera zeharkatu badute ere, ez dira eguzki-sistematik atera oraindik. Horretarako, milaka urte asko beharko ditu. Bikiak, ordea, bost urte barru erregairik gabe geratuko dira, eta ezingo dute horren berririk eman.

5 artikulutan azaldu dituzte Voyager 2 ontziak bidalitako datuen emaitzak:

Voyager 2 plasma observations of the heliopause and interstellar medium". 

Plasma densities near and beyond the heliopause from the Voyager 1 and 2 plasma wave instruments".

Magnetic field and particle measurements made by Voyager 2 at and near the heliopause".

Energetic charged particle measurements from Voyager 2 at the heliopause and beyond".

Cosmic ray measurements from Voyager 2 as it crossed into interstellar space".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila