Geofisikari estatubatuar batzuek neurtu dute zenbateraino den laua Boliviako Uyuniko gatzaga. Gatzaga ez da guztiz laua, baina oso gutxi falta zaio, 10.500 kilometro karratuko azaleran gehienez 80 zentimetroko gorabeherak baititu. Nolanahi ere, gatzaga itsasoa baino hobea da sateliteen neurketa-tresnak kalibratzeko, itsasoko uraren gainazalak gorabehera handiagoak baititu. Hain zuzen ere, geofisikarien lanek ontzat eman dute Uyuniko gatzaga NASAko ICESat satelitearen sentsoreak kalibratzeko.