Utzi hanburgesa, tori arroza!

Taiwango nekazaritza-departamentuak koloretako arroza asmatu du. Nonbait, kezkatuta daude Taiwango gazteek gero eta hanburgesa eta patata frijitu gehiago jaten dituztelako. Dieta tradizionala osasungarriagoa delakoan, arrozaren kontsumoa bultzatu nahi dute, eta, horretarako, arroza erakargarriagoa bihurtzea bururatu zaie.

Hala, koloretako arroza sortu dute. Arrozari arrosa-kolorea emateko tomatea erabili dute, kurkumina horia egiteko, meloi-mota bat berdea egiteko, eta barazki-nahastea purpurarako. Emaitza: kolorez betetako arroz-platerkada, betikoa baino erakargarriagoa, eta baita aberatsagoa ere. Izan ere, orain platerkada berean arroza, barazkiak eta fruta batzen dira.

Hurrengo urterako merkaturatu nahi dute, eta, arrunta baino bi aldiz garestiagoa izango den arren, gazteen artean arrakasta izango duela espero dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila