Usain neutroa sortzeko metodoa asmatu dute Weizmann Zientzia Institutuko ikertzaileek. PNAS aldizkariaren on line edizioan argitaratu dute egindako lana, eta, bertan adierazi dutenez, helburu horrekin abiatu zuten ikerketa: ikusmenean eta soinuan “zuritzat” jotzen direnaren parekoa lortzea usaimenerako.
Horretarako, lehenik kolore eta soinu zuriek dituzten ezaugarriak definitu zituzten. Haien esanean, bi baldintzak bat egiten dutenean sortzen da “zuritasuna” gure zentzumenentzat: osagaien nahasketak estimulu-espektro osoa hartzen duenean, eta osagai guztiek intentsitate berbera dutenean.
Hala, bi baldintza horiek beteko lituzkeen usainaren bila hasi ziren. Usaimenaren espektro osoa betetzen duten 86 molekula aukeratu zituzten, eta intentsitate bera izateko diluitu zituzten. Gero, molekula-kopuru desberdinak zituzten nahasteak prestatu zituzten, eta boluntarioei eman zizkieten usaintzeko.
Ikertzaileek ikusi dute usainak elkarren antzekoak bihurtzen direla gainjartzen ez diren molekula-kopurua handitu ahala, eta, nahastea 30 molekulara iritsitakoan, boluntarioak ez direla usaina identifikatzeko gai. Usain-nahastea neutroa iruditzen zaie, ezezaguna, nahiko atsegina eta “jateko modukoa” (pozoitsuaren aurkakoa). Gainera, ikertzaileek frogatu dute ez dela efektu hori agertzen 30 molekula baino gutxiago dituzten nahasteekin edo molekulek ez badute espektro osoa hartzen.
Hortaz, usain zuria lortzeko nahikoa da espektro osoa hartzen duten intentsitate bereko 30 molekula edo gehiago nahastea. Hortik ondorioztatu dute usaimenean garrantzi handiagoa duela nahastearen egiturak molekulen izaerak baino. Bukatzeko, ez dute baztertu naturan ere agertzea usain zuriak, kolore eta soinu zuriak dauden bezala.