Urrea ez da aldaezina

Gure gizartean urrezko gauzak betirako bailiran hartzen dira. Dena den, betirako hitza krisialdian dagoela ukaezina da; unean uneko gauzak gero eta gehiago baloratzen baitira. Urreak krisialdi honetatik kanpo zegoela zirudien, baina Frantziako eta Erresuma Batuko zenbait ikerlarik aurreko hipotesia hankaz gora jarri dute.

Horiek diotenez, lurzoruan dauden zenbait baldintza fisiko eta kimikoen eraginez urrea aldatu egiten da.

Baieztapen hori egin ahal izateko, Ertafrikar Errepublika eta Gabongo oihan ekuatorialeko bihotzean lan erraldoia burutu da. Besteak beste, milaka behaketa-ordu mikroskopioan, ehundaka analisi kimiko eta hainbat kalkulu matematiko eta termodinamiko egin dira. Laginak analizatuz, urrearen banaketa eta mapa kimikoa mineral puru eta aldatuen bidez jakiterik izan da.

Azterketa hauen ondoriorik harrigarriena ondokoa da: gainazaletik zenbat eta hurbilago egon, hainbat eta aldaketa kimiko nabariagoak gertatzen dira. Eredu termodinamikoen arabera, zolu azido samarretan urrea disolbatu egiten dela ikusi da eta disolbatutako urrea itsas jatorriko kloruroei eta landareen degradaziotik sortutako azido organikoei eransten zaiela ere bai.

Gertaera hauek ez dira baso tropikaletan bakarrik gertatzen, baita baso epeletan ere. Beraz, urrea zoluen aldaketen lekuko ezin hobea izan daiteke. Bestalde, aurkikuntza honek Afrikan, eta tropikoan oro har, egiten ari diren urrea bilatzeko ahaleginei laguntza garrantzitsua eskain diezaieke.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.