Beste hainbat alorretan gertatua uraren honetan ere gertatzen da; hau da, gaiaren harian ari garela, esaldiak botatzen ditugula lasaitasun osoz, patxada batean, zuritu beharrik ez duten egia biribilak bailiren. Lelo hutsak, topikoak. Horrela da eta puntu. Eta gerokoaren abiapuntu hartzen da. Uretan ugari dira horrelako topikoak. Baina esanak zuritu egin behar dira, hots, ezkutuan dituzten gora-behera guztiak azaldu. "Ura baliabide urria da" eta, gainera, "txarto banatua" dago. Hona topiko horietariko bat. Eta urria denez, bere erabilera kudeatu behar da. Eta txarto banatua dagoenez ura batetik bestera eraman behar da, lekuz aldatu, naturak desorekatu omen duena gizakiak berak oreka dezan edo. Baina goaz muinera, hain argi eta labur esaten den topikoak itzal luzeak gordetzen dituelako bere baitan.
Urria dena baino ez da kudeatzen. Urte askotan ura ez da kudeatu, negu orok euritea zekarren eta. Soberako gaia zenez, uneko eta lekuko beharrak, kantitatean zein kalitatean, betetzeko bestekoa, ez zegoen kudeatzeko beharrik. Are gehiago, aparteko baliorik, balio ekonomikorik, ez zuenez, baliabidetzat ere ez zen hartzen. Ez zen artean aparteko ur-kulturaren beharrik, nahikoa zen erabiltzaileen ohiko usadioa. Oso bestelakoa da, ostera, azken urteotako bilakabidea. Kantitateari dagokionez ura modu ikusgarrian urritu ez bada ere, kalitatean dexente asko txartu da, txartu dugu eta ondorioz hainbat behar mota betetzeko "urri" bihurtu dugu. Urritasunak salerosketaren merkatuan sartu du ura, balio ekonomikoa esleiturik; honez gero, ura baliabidea dugu, kudeatu beharrekoa. Eta ur-kultura berria leloaren beharra azaldu digute.
Ura urria omen, baina URA diogunean zertaz ari gara? Lehendabizi ura kasu guztietan baliabide naturala dela esan behar da eta kasu batzuetan baliabide ekonomiko eta soziala ere bihurtzen da. Baina honen aurretik hura, naturala: ekosistema guztietan funtsezko eragile dinamikoa, ordezkaezina, ekosistema osoko osagaien arteko lokarririk garrantzitsuen eta aktiboena, ezbairik gabe; urak izadian odolak izakiengan duen betebehar bera du. Eta garapen jasangarriaren izenean izadia artatu behar dugula esaten digute behin eta berriz. Beraz, uraren balioak, dinamikoak ekosistemetan eta etiko-estetikoak gizakiengan, arazo teknikoen gainetik ezarri behar dira. Hortaz, planetako ekosistema guztiek dute berezko baldintzetan behar besteko ura, ez gehiago eta ez gutxiago. Zeri erantzuten dio "ura txarto banatua" dela esateak? Berezko logika erabiliz ez da "ur-faltako arrorik" ezta "ur-soberakorik" ere. Ura arro batetik bestera aldatzeko motiboak gizakien eskukoak dira, inoiz ez ura arro batean faltan eta bestean soberan izatearenak. Berez Saharako bazterretan ur gutxi dago eta Ebro arroan asko, egia da, baina ezin esan han ura faltan eta hemen soberan dagoenik, bietan bertakoak diren bizigaiek behar besteko ura dutelako, neurrikoa.
Beraz, urri izate hori eskaera-eskaintza erlazioaren ondorioa da: arro bateko ur-eskaera (hirigunean, nekazaritzan, industrian, turismoan, hidroelektrikan...) arroak berez duen ur-eskaintza baino handiagoa denean, orduantxe ura "urria" dela eta arroak ur-falta duela esaten da; jakina, batzuen aburuz hori horrela izanik, ura edonondik ekarri behar da, abiapuntua eskaintzaren gainetik bada ere eskaera bete beharra delako. Hauxe bai garapen jasangarriaren harira diren oker guztien iturria: zerk mugatu zer? Uraren arazoak lekuan leku konpondu behar dira. Beste arazo askotan ez bezala, eskala-faktoreak itzelezko garrantzia du urarenean: arazoa non konponbidea han. Eta konponbideok ez dira ibai-bazterrean bilatu behar, kudeatzaile askoren buru-bazterrean baizik. Ura garbi mantenduz eta ur-eskaria arrazoitu, banatu eta murriztuz, dagoen ura, dena izanda ere, ez da urria izango, neurrikoa baino. Har dezagun kontuan. Hona hemen topikoak hobeto ulertzeko topikoak ez diren abiapuntuak: