Ur gainean oinez

Zenbait intsektu ur gainean ibiltzeko gai dira, Gerridae familiakoak esaterako. Eta zenbaitentzat mirakulua izan daitekeen arren, azalpen fisikoa du. Intsektu horiek oinetan dituzten ehunka ileei esker egoten dira ur gainean. Baina nola da posible uraren azaleran uhinik ez agertzea ibiltzen direnean?

Edozein izakik alde batetik bestera joateko mementua sortu behar du, hau da, zerbaiti bultza egin behar dio. Gizakiok, esaterako, lurraren gainean indarra egiten dugu ibiltzerakoan, eta hegaztiek eta arrainek zurrunbiloak sortzen dituzte aurrera egiteko, airean batak, uretan besteak.

Gerridae familiako intsektuek arraun gisa erabiltzen dituzte bi hankarik luzeenak ur gainean ibiltzeko. Eta, Cambridge-ko Massachussets Institute of Technology-ko ikertzaileek ikusi dutenez, ur-zurrunbiloak ur-azalean sortu ordez, ur azpian, lau milimetroko sakoneran, agertzen dira.

Mugimendu horretan oinarrituta, Robostrider izeneko Gerridae robot bat egin dute, eta benetakoak baino handiagoa eta baldarragoa den arren, ur gainean ibiltzeko gai da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila