Unibertsoko materiaren orain arteko maparik zehatzena osatu dute, bi behatokitako datuak konbinatuz. 150 zientzialarik baino gehiagok parte hartu dute azterketan, eta emaitzak hiru artikulutan argitaratu dituzte, Physical Review D aldizkarian.
Bi behatoki oso desberdinen datuak konbinatu dituzte: Energia Ilunaren Behatokiak (Txile) sei urtez hartutakoak, batetik; eta, bestetik, Hego Poloko Teleskopioarenak, zeinak unibertsoaren hasierako erradiazioaren arrastoak bilatzen baititu. Bi kasuetan, gainera, grabitazio-lenteen metodoa erabili dute. Izan ere, metodo horrekin, materia arrunta eta materia iluna, biak atzematen dira; biek eragiten baitute grabitatea.
Bi datu-multzo horiek gainezarriz, ikertzaileek inoiz baino doitasun handiagoz zehaztu ahal izan dute nola dagoen banatuta unibertsoko materia guztia. Emaitza gehienak guztiz bat datoz gaur egun onartuta dagoen unibertsoaren eredu estandarrarekin, baina badago eredu horrekin azaldu ezin den kontu bat ere. Izan ere, ikerketa honen emaitzen arabera, unibertsoa ez legoke eredu estandarrak iragarriko lukeena bezain aglomeratua. Alegia, ikusi dute esperoko litzatekeena baino barreiatuago dagoela materia. Hala ere, ikertzaileek adierazi dute eredua kolokan jartzeko edo zerbait falta zaiola ondorioztatzeko, beharrezkoa litzatekeela beste ikerketa batzuek hori berrestea.
Elhuyarrek garatutako teknologia