Unibertsoaren jatorrizko zopa

Unibertsoan Big Bang-aren lehen uneetan gertatu zena Genevako CERN ikerketa-zentroan errepikatu egin dute. Beraz, Unibertsoaren historian atzera inork baino gehiago jo dute; Big Bang-aren lehen mikrosegundoetaraino, hain zuzen.

Big Bang-arekin benetan kosmosari hasiera eman bazitzaion, badakigu eztandako lehen mikrosegundoetan Unibertsoa oinarrizko elementu, quark eta gluoien zopa zela. Horiek guztiak atomoaren nukleoan dagoen energi dentsitatea baino 20 aldiz handiagoan zebiltzan. Bestela esanda, Unibertsoa, jaiotzako lehen uneetan erabat dentsoa eta ezin beroagoa zen; fisikariek naturan edo partikula-azeleragailuetan orain arte ikusitakoarekin antzik ez duena. Materia orain arte ez bezala ikusi ahal izan dute Genevako CERN laborategietan mundu osoko 350 fisikarik.

1986. urteaz gero nazioarteko zientzialari-taldeak, teoriak iragarritako (baina orain arte inoiz detektatu gabeko) quark/gluoizko plasma eratu nahian ibili dira. Berez quarkak elkarri "itsatsita" gluoiek mantentzen dituzte, hau da, masarik eta kargarik gabeko eta quarken elkarrekintza bortitzeko garraiatzaile diren partikulek. Dena dela, quarkak partikula handiagoen (protoien edo neutroien) barruan egoten dira. Quark eta gluoizko plasmak beraz, oso denbora laburrez iraun zuen (mikrosegundo batzuetan baino ez) eta materia nuklearraren arbaso izan zen.

Jatorrizko zopa hau lortu ahal izateko, berun-atomo azeleratuen energia handiko izpia behar izan da (33 teraelektronvoltekoa). Izpi horrek zazpi detektagailutan talka egin du. Oso energia handiko nukleo astunekin talka eginda, Eguzkiaren erdiguneko tenperatura baino 100.000 aldiz handiagoak sortu dira, energi dentsitate izugarrian askatu direlarik. Egoera horretan azkenean quarkak partikula konplexuagoen barruan mantentzen dituzten indarrak gainditu egin dira. Muga gaindituta, quarkek eta bere laguntzaile diren gluoiek libre flotatu ahal izan dute une batez (10-24 segundotan besterik ez). Gero ingurunea hoztu den neurrian berriz ere materiaren barrura itzuli dira.

Quark eta gluoizko jatorrizko zopa hori sortuta materiaren beste dimentsio ezezagun bat urratu da. Lurralde ezezagun hori argitzeko saiakuntzak egingo dituzte New Yorken Long Island-en inauguratzekoak diren Broohkaven-go Laborategi Nazionaleko partikula-azeleragailu berrian edo 2005. urtean CERNen estreinatuko den hadroi-azeleragailu berrian.

Erantzunak

1

ianirelarra 2014/04/30

Aupa! Jatorrizko zopa zer den eta non sortu zen azaldu ahal didazue? Milesker eta besarkada bat :))

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.