Planck misioaren emaitzak aurkeztu ditu ESAk
Planck satelitea 2009an bidali zuten espaziora, unibertsoa arakatzeko uhin-luzera milimetrikoetan eta milimetroa baino txikiagoetan, hau da, infragorriaren eta irrati-uhinen artekoetan. Iaz teleskopioak harrapatzen duen eremu osoaren irudia aurkeztu zuten astronomoek, eta, orain, datuen lehen azterketen berri eman dute.
ESAkoen hitzetan, Shakespeare gaur egun bizirik balego eta astronomoa balitz, halako zerbait esan zezakeen: "Unibertso osoa antzezleku bat da, eta galaxiak, aktoreak baino ez". Izan ere, argi ikusgaian galaxiak ikusten dira, baina unibertsoaren bizialdia antzezlan bat balitz, haiek azkeneko ekinaldian azalduko lirateke. Antzezlana hasieratik ezagutzea ahalbidetu du Planckek. Hain zuzen, unibertsoaren eboluzioa ulertzeko datu baliotsuak bildu ditu.
Datu garrantzitsuenen artean igorpen goiztiarreko iturri trinkoen katalogoa dago (Early Release Compact Source Catalogue edo ERCSC). Katalogoak milaka erradiazio-iturri biltzen ditu, eta orain astronomo guztien eskura dago. Hala, ikertzaileak emaitzak lortzen hasiak dira.
Esate baterako, argi ikusgaian ikusezinak diren galaxia-populazioak hauteman dituzte, hauts-hodeietan bilduta. Big Bangaren ondorengo lehen 2.000 milioi urteetan eratu ziren, eta, haietan, gaur egun baino askoz ere abiadura handiagoan sortzen ziren izarrak, 10-1.000 aldiz azkarrago --Esne Bidean urtean izar bat sortzen da, gutxi gorabehera--. Galaxia horien azterketa oso baliagarria izango da sare kosmikoaren eraketa ulertzeko.
Galaxiaren gas ilunari buruzko emaitzak ere eman dituzte. Gas ilunak ez du zerikusirik materia ilunarekin edo energia ilunarekin. Mikrouhin-erradiazioa igortzen duten iturriak dira, eta, ondorioztatu dutenez, hauts-hodei birakariak izan daitezke.
Horrez gain, Planckek agerian jarri ditu unibertsoaren hastapenak; zehazki, eskala handiko lehen egituren arrastoak eman ditu. Big Banga gertatu eta 380.000 urte geroago askatu zen hondoko mikrouhin-erradiazioaren bitartez antzeman ditu Planckek; hain juxtu, egitura haietatik sortu ziren gerora galaxiak.
Dena dela, astronomoek lan handia dute egiteko oraindik. Besteak beste, hondoko mikrouhin-erradiazioa (CMB) aztertu nahi dute, inflazioa ulertzeko. Unibertsoa izugarri azkar hedatu zen garaiari deitzen zaio inflazioa, eta, hura ezagututa, materia noiz sortu zen eta nola banatu zen jakitea espero dute.
Astronomoek adierazi dutenez, hondoko mikrouhin-erradiazioaren ikuspuntutik, orain arte aurkeztu dituzten emaitzak "zarata" dira berez, baina orain badute aukera haiek baztertzeko eta benetan interesatzen zaiena aztertzeko. Hondoko mikrouhin-erradiazioaren mapa osoa 2013ko urtarrilerako izatea aurrikusten dute.