Ultrasoinuak: CFCen etsai berria

CFCen aurkako borrokan urrats berria eman dute Japoniako ikerlariek. Osakako Ikerketa Zentruan berotegi-efektua sortzen duten substantziak desagertarazteko teknologia berria landu dute eta agidanez, aurki jarriko dute merkatuan.

1987an CFCen erabilera murriztu eta horrek sortutako kalteak gutxiagotzeko konpromezua hartu zuten Estatuek Montrealen. Dakigunez, guztiek ez dute emandako hitza bete. Edonola ere, CFCak pilatzea eta desagertaraztea arazo politikoa ezezik, arazo teknikoa ere bada. CFCak, izan ere, tenperatura altuetan gorde eta tratatu behar dira eta horrek kostu handia du.

Japoniako ikerlariek erabili duten teknologia berriak arazo hori konpondu omen du. Osakako ikerketa-zentruan CFCak ultrasoinuak erabiliz desegin dituzte. Substantzia horren atomoak uretan murgildu zituzten eta gizakiak hauteman ezin ditzakeen ultrasoinu-izpiez eraso egin zieten. Tenperatura altuetan eta ionizaturiko gasak erabiliz lortzen den efektua berritu egin zuten horrela, hau da, CFCak desagertaraztea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila