Edozein momentutan gerta daitekeela esatea asko bada ere, astronomoek arruntzat jotzen dituzte unibertsoan gertatzen diren talkak. Irudian dakusaguna fenomeno “arrunt” horietako bat da: guregandik 500 milioi argi-urtera gertatu den bi galaxien arteko talka.
Hubble zundak jaso duen irudi horretan talkak sorrarazi dituen uhinak ageri dira. Astronomoek uste dutenez, uhinetako gas-kontzentrazioa izar berriak sortu ahal izateko eman ohi den lehen urratsa da. Arretaz segitu beharko dugu prozesuaren bilakaera. Agian hurrengo alean izar berri bat sortu dela esan ahal izango dizuegu.