Askotan aipatzen da ugaztunak dinosauroen desagertze handiari esker ugaritu zirela, hau da, nolabait haiek lagatako lekua hartu zutela duela hirurogeita bost bat milioi urte. Baina benetan ez omen zen horrela gertatu. Municheko Unibertsitate Teknikoko ikertzaile batzuek egin duten ikerketa baten arabera, ugaztunen dibertsifikazio handiena dinosauroak desagertu baino askoz geroago gertatu zen.
Ikertzaileek fosilen datuak eta DNA-azterketak erabili dituzte ugaztunak noiz dibertsifikatu ziren jakiteko. Eta ikusi dute bi garaitan dibertsifikatu zirela batez ere: duela laurogeita bost milioi urte (dinosauroak artean bizi zirela) eta duela berrogeita hamar milioi urte (dinosauroak desagertu eta askora, beraz). Azken hori izan omen zen ugaztunen dibertsifikazio-garai oparoena; seguruenik, Lurraren kliman izan zen berotze nabarmenagatik gertatuko zen (leku batzuetan batez besteko tenperatura 7 ºC igo zen).
Ikerketaren emaitzak ez omen dira zehatz-zehatzak, baina ondorio nagusira iristeko bederen balio dute, dinosauroak desagertzeak ez zuela ugaztunen booma eragin, hain zuzen ere.