Euskal Herriko florari buruzko artikulu-bilduma hau irakurri baduzu, irakurle, bai familia hau eta bai genero hau aztertu dela berehala konturatuko zera. Gainera, “San Jose lorea” izen berarekin, bere garaian Elhuyar 81. zenbakian Primula vulgaris subsp . vulagaris espeziea aztertu genuela gogoratzen dizugu eta oraingo honetan berriro “San Jose lorea” izenaz ezagutzen den genero bereko Primula elatior espeziea aztergai izango dugula aurreratzen.
Landare honek Euskal Herrian bi subespezie dituela ohartarazi nahi dizugu. Aurrenekoa, Primula elatior subsp . elatior banaketa-mapak adierazten duen modura banatzen da, eta bigarrena, subsp . intricata Pirinio inguruan bakarrik azaltzen da, Zuberoan eta Nafarroan.
Bestalde, landare hau bere generoaren barruan altuenetako bat dela esan behar dugu; 10-30 cm bitarteko altuera baitu. Erroseta-formako hostoak, hasieran horiskak, ondoren azpialdean grisaskak eta gainaldean berde iletsu samarrak izaten dira. Loreak ginbail baten bukaeran, horiak eta usain gabekoak, udaberri hasieran eta maitza bitartean azaltzen dira. Fruitua berriz, kapsula zilindriko txiki bat da.
Lurzoru hezeak oso gogokoak ditu, haltzadi, baso misto eta erreka-ertzak, besteak beste bereziki kolonizatzen dituelarik. Euskal Herrian, subsp . elatior landarea Gipuzkoa eta Bizkaian nahiko arrunta da. Bestalde subsp . intricata landarea Pirinio inguruko larreetan, estaia subalpetar eta alpetarretan bakarrik azaltzen da, eta Europako erdi eta hegoaldeko mendilerroetako espezie endemikoa dugu.
Landare hau bere edertasunagatik apaingarri gisa erabili izan da, eta sendabelartzat ere hartu izan da. Hosto berriak entsaladan jaten dira, eta buruko minen edo paralisien kontra erabil daitekeela diote. Loreak berriz, lasaigarriak omen dira, eta sustraiak, katarroa sendatzeko erabiltzen dira.
San Jose lorea Familia: primulazeoak |