Txitatxoak habian utzi eta... aire!

Ipar-hemisferioko txoriek hego-hemisferiokoek baino arrautza gehiago jartzen dituztela ohartuta, AEBetako bi zientzialarik arrautza-kopuruaren eta harrapariren bat inguruan dabilenean txori helduek habiara itzultzeko edo bertatik alde egiteko duten joeraren arteko erlazioa aztertu dute. Kaliforniako Unibertsitateko Cameron Ghalambor eta AEBetako Missoulako Geologia Ikuskaritzako Thomas Martin zientzialariek azaldu dutenez, aukera bien artean hautatzeko txoriek bi faktore hartzen dituzte kontuan: alde batetik, habian bere zain dauden kumeen kopurua; bestetik, harrapariari aurre eginez gero beraiek, eta ez kumeek, bizirik ateratzeko duten probabilitatea.

J.R. Aihartza

Ikerketa egiteko, Argentinako bost espeziek eta horien oso hurbilekoak diren Arizonako beste bostek zenbait hegaztiren oihuen aurrean izandako erreakzioa aztertu zuten. Hegazti horiek aztorea (txori helduak atakatzen ditu), eskinosoa (txitak atakatzen ditu) eta arriskurik sortzen ez duen beste hegazti bat izan ziren. Emaitzen arabera, Arizonako txoriek beldur handiagoa diote eskinoso txita-jaleari aztoreari baino; Argentinakoen kasuan, ordea, alderantziz gertatzen da.

Beraz, badirudi biziraupenaren eta ugalketaren artean nolabaiteko oreka mantentzen dela. Izan ere, iparraldean zaila da neguari aurre egitea. Horregatik, arrautza guztiak txitaldi berean jartzen dituzte eta eginahalak egiten dituzte bai arrautzak bai jaiotako txitatxoak ongi zaindu eta aurrera ateratzeko.

Hegoaldean, ostera, arrautza gutxiago jartzen dute aldi bakoitzean eta, normalean behin baino gehiagotan ugaltzen direnez, beren bizitza kumeen bizitza baino gehiago balioesten dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila