Txirlen oskolak klimaren erregistrorik zehatzenetakoak izan daitezke

Txirlen oskolak klimaren erregistrorik zehatzenetakoak izan daitezke
2010/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: Tracy Elaine)

Txirlen oskoletako oxigenoaren isotopoak aztertuta klimaren erregistrorik zehatzenetako bat lor daiteke. Neurketa paleoklimatiko gehienek tenperaturaren urteko batezbestekoak bakarrik ematen dituzte. Txirlak, ordea, etengabe hazten dira, eta haien oskoletan dauden oxigenoaren isotopoen mailak aldatu egiten dira, bizi diren uren tenperaturaren arabera. Ura zenbat eta hotzago, orduan eta handiagoa oxigeno-18 isotopoen proportzioa. Horregatik, urteko batezbestekoa baino askoz ere zehatzagoa da txirlen oskolen bitartez lortu daitekeen erregistroa. Tenperaturak astebetez azpiko bereizmenarekin azter daitezke, eta txirla handiekin eguneroko informazioa ere eskura liteke.

Ondorio horretara iristeko, Islandiako badian jalkinen nukleoetatik hartutako antzinako 26 bat txirlen oskolak aztertu ditu Saskatchewan Unibertsitateko (Canada) ikertzaile-talde batek. Normalean, txirlak 2 urtetik 9ra bitarte bizi ohi dira, eta, horrenbestez, oskol bakoitzeko isotopoen proportzioak ere txirlak bizi izandako lekuen ingurune-kondizioen 2-9 urteko "leihoa" edo datuak eskaintzen ditu. Teknikoki, moluskuen oskoletan uraren tenperatura-erregistroak neurtzen dituzte, eta ez airearenak. Baina zuzenean lotuta daude biak, batik bat kostaldeetan.

Dagoeneko, ikertzaileek bildutako laginen azken 400 urteotako erregistro jarraitua edo etengabea lortzea ahalbidetu du ikerketa horrek. Gainera, ikerketaren egileek diote duela 11.000 urteko xehetasunak ere eskain ditzakeela.

1
268
2010
10
003
Klimatologia; Zoologia
Albisteak
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila