Tximeleta intergalaktikoa

Orain arte, tximeletak gure inguruan hegaka ezagutu ditugu; laster ordea, Lurraren biran, espazioan, nabigatuko dutela esan daiteke. Alabaina, ez dadila inor ikara albiste horren aurrean, intsektu horiek ez baitira egiazkoak izango, robotak baizik; hau da, satelite oso txikiak.

Tximeleta-itxurako lehen prototipoa diseinatu du NASAko zientzilari batek eta proiektuaren arrakastaz ezer esan baino lehen, 50 penikeko txanponaren tamaina duen robota espazioko giro gogorra jasateko gai den ikusi beharko da. Proba hori gaindituz gero, prototipoaren egileak “espezie” gehiagorekin saiatzeko asmoa duela iragarri du.

Tximeleta da, baina ez lorez lore hegaka ibiltzen den horietakoa. Espazioan nabigatuko duen tximeleta-satelitea da eta bazter ezezagunak miatu, Lurraren eremu magnetikoa neurtu edota sateliteen arteko komunikazio-loturak erraztuko ditu.

Robotak oso txikiak direla esan dugun arren, betebehar garrantzitsuak izango dituzte: Lurraren eremu magnetikoa neurtzeaz, espazioa miatzeaz edota satelite handien arteko komunikazioa errazteaz arduratuko dira, besteak beste.

Prototipo horien abantailen artean, alderdi ekonomikoa aipatu behar da. Izan ere, diseinu berriko satelitetxoak oso merkeak izango dira ohizko robotekin konparatuz. Satelitetxoak egiteko erabiliko den materiala musika-ekipoen eta ordenadoreen piezak birziklatuz egingo da eta.

Sateliteen tamaina hain txikia izateak muga fisiko gaindiezinak dituela dioen ahotsik ere entzun da. Esate baterako, erresoluzio handiko irudiak egiteko 300 ml-ko lentea behar dela eta robotaren azalera txikian hori ezinezkoa dela entzun da.

Oztopoak oztopo, tximeleta intergalaktikoaren egilearen asmoa “intsektu” gehiago egin eta espazioan nabigatzen jartzea da. Geroak esango digu bada, noraino iritsiko diren etorkizuneko tximeletak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila