Tximeleta hibridoa

Tximeleta hibridoa
2006/07/01 | Elhuyar
Goian, Heliconius heurippa. Ezkerrean, Heliconius melpomene eta eskuinean Heliconius cydno.
M. Linares

Heliconius heurippa Kolonbiako tximeleta endemiko bat da. Argazki handian ikusten den bezala, hegoetan bi koloretako arrastoak ditu: gorriak eta zurixkak. Beste argazkietakoak, berriz, genero bereko Heliconius cydno (arrasto argiduna) eta Heliconius melpomene (arrasto gorriduna) dira.

Horrela ikusita, H. heurippa beheko bien konbinazio bat dela dirudi, ezta? Bada, hain zuzen ere, hala omen da. H. heurippa beste bi tximeleten hibrido bat da, Panamako ikertzaile batzuek frogatu dutenez.

Frogapena egiteko, elkarrekin hazi zituzten H. cydno eta H. melpomene espezieak laborategian, eta, hiru belaunaldiren ondoren, H. heurippa-ren oso antzeko tximeletak jaio ziren. Tximeleta horiek genetikoki konparatu zituzten H. heurippa-rekin, eta berdinak omen ziren neurri handi batean. Guztiz ziur egoteko proba gehiago egin beharko dituzte, baina, oraingoz behinik behin, ia segurua da H. heurippa hibridazioz sortutako espeziea dela.

Hibridazioren ondorioz ditu espezie horrek hegoetako bi arrastoak. Eta ez da kontu hutsala, hegoetako ereduak berebiziko garrantzia baitu tximeletetan. Besteak beste, ugalkidea aukeratzeko eredu horri erreparatzen diote. Laborategian hazi dituzten hibridoek, aukeran, nahiago zituzten kide berekoak. Eta hori ezinbestekoa izan bide zen naturan H. heurippa espeziea sortu zenean.

1
222
2006
7
004
Genetika; Biologia; Zoologia
Berriak labur
3
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila