Txikia, baina astuna

Pluton, gure sistemako planetarik urrunena da eta lehen uste baino txikiago eta astunagoa da. Zera esan nahi du honek: astronomoek orain arte pentsatu duten bezala metano solidoz osatutako "izotz zikineko bola" ez dela. Harriak eta izoztutako ura ere izan beharko ditu. Ondorio honetara iristeko, Plutonen sateliteak (Txaronek) planetaren aurretik pasatzean sortutako itzalaren azterketa erabili dute astronomoek.

Txaron Plutonen aurretik pasatzen denean, honen azalaren zati bat izkutatu egiten du eta distira osoa txikiagotu egiten da. Astronomoek gainera, Txaronen orbita ezagutzen dutenez, uneoro non dagoen badakite. Horregatik, Plutonen argia moteltzen hasten denean badakite planetaren ertza non dagoen. Distiraren moteltzea arretaz aztertuz, Pluton eta Txaron-en tamainak ezagutu daitezke.

Behaketek adierazi dutenez, Pluton-en diametroa 2.200 km-koa da, hots, Ilargiarenaren bi heren pixka bat goitik behetik. Lehen, Ilargiaren tamainakoa zela uste zen.

Txaronek Plutonen inguruan egiten duen orbitak, planetaren grabitatearen neurria ematen digu, eta ondorioz baita planetaren masa ere; Lurrarenaren laurehun eta berrogeitamarrena. Masa eta tamaina ezagutuz, dentsitatea lor liteke eta dentsitatetik konposizioa. Pluton Ilargiaren tamainakoa balitz, ura baino zertxobait arinagoa izango litzateke. Honek, metanoaren moduko dentsitate baxuko substantziaz osatuta legokeela esan nahiko luke. Tamainaren neurketa berriek, ura biano bi aldiz astunagoa dela adierazi dute, eta planetak harriak eta ur solidoa izango dituela.

Pluton, eguzki-sistemako zazpi ilargi baino txikiagoa da. Bere Ilargia aitzitik, nahikoa Ilargi handia da; 1160 km-ko diametroa du. Hots, gutxi gorabehera Plutonen tamainaren erdia du (planeta eta satelite baten arteko tamaina-ratiorik handiena alegia). Pluton eta Txaronek, planeta/ilargi-sistema bat baino gehiago "planeta bikoitz"en moduko sistema osatzen dutela esan daiteke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila