2021/01/13
eu es fr en cat gl
Aparecerá un contenido traducido automáticamente. ¿Deseas continuar?
Un contenu traduit automatiquement apparaîtra. Voulez-vous continuer?
An automatically translated content item will be displayed. Do you want to continue?
Apareixerà un contingut traduït automàticament. Vols continuar?
Aparecerá un contido traducido automaticamente. ¿Desexas continuar?
COVID-19: eztabaida sortu du txertoen bigarren dosia atzeratzeko auziak
COVID-19aren hirugarren olatuak eta txertoen eskasiak txertaketa-kanpainak birplanteatzera eraman ditu herrialde asko. Erresuma Batuan, esaterako, txertoaren bigarren dosia atzeratzeko aukera aztertzen ari da, ahalik eta jende gehien txertatzeko helburuz. Baina aurkako ahots asko haizatu ditu erabakiak. Izan ere, birusak erresistentziak garatzeko arriskua dagoela ohartarazi dute birologoek.
Hainbat iritzi-artikulu argitaratu ditu British Medical Journal aldizkariak, ahots horiek jasota.
Arg. Pixabay
Eztabaida handia piztu du txertoaren bigarren dosia atzeratzeko proposamenak. Besteak beste, Erresuma Batuan erabiltzen ari diren bi txertoetako bat, Pfizer/BioNTech-ena, mRNA-an oinarritutakoa delako. mRNA-a azkar degradatzen dute zeluletako entzimek, eta, lehenengo aldia izanik halako txertoa gizakietan erabiltzen dena,
ez dago nahikoa daturik jakiteko dosi bakarraz zenbat iraungo duen babesak. Nahiz eta txertoan mRNA-a nanopartikula lipidikoetan sartu duten —garraioa eta iraupena hobetzeko—, Pfizer eta BioNTech enpresek adierazi dute txertoaren segurtasuna eta eraginkortasuna ez dela ebaluatu dosifikazio-tarte desberdinetan, eta, hortaz, ezin dutela ziurtatu dosi bakarra emanda 21 egunetik aurrera babesa mantentzen denik.
Gauza bera gertatzen da Moderna txertoaren kasuan.
Europako eta AEBko Medikamenduaren Agentziak ere kezka adierazi dute, eta argi esan dute Pfizer/BioNTech zein Moderna txertoen bigarren dosia ez litzatekeela 42 egun baino beranduago ezarri behar. Are gehiago, epeetan edozein aldaketa egiteko, merkaturatze-baimena aldatu beharko litzatekeela gogorarazi du, eta aldaketa hori babesteko datu kliniko gehiago beharko liratekeela. Bestela, baimendu gabeko erabileratzat hartuko luke agentziak. Izan ere, aditu asko beldur da partzialki babestutako pertsona horiek ez ote diren birusaz kutsatuko.
AstraZeneca-Oxford txertoaren kasua desberdina da. Ez da mRNA-an oinarritutako txerto bat, baizik eta adenobirus batean oinarritutako txertoa, eta ez dago mRNA-ak degradatzeko arriskua. Txertoaren ikertzaile nagusi Andrew Pollard, beraz, txerto honen bigarren dosia atzeratzearen alde azaldu da, beste gaixotasunekin garatu diren txertoen kasuan, askotan emaitza hobeak lortzen baitira. Giza papilomaren birusaren aurkako txertoan, esaterako, bigarren dosia lehenengoa hartu eta urtebetera hartuta, hilabetera hartuta baino immunitate-erantzun hobea lortzen dela gogorarazi du. COVID-19aren aurka haiek garatutako txertoan ere, % 70eko babesa lortzen da lehenengo dosiaz, eta bigarren dosia, handik lau astera hartu beharrean, 2-3 hilabetera atzeratuz gero, hiru aldiz erantzun immune handiagoa lortzen dela aipatu du.
Babes-mailaz gain, birusen erresistentziak ere jokoan daude, ordea. Rockefeller Unibertsitatean SARS-CoV-2 birusaren mutazioak ikertzen dituen birologo Paul Bieniaszek argi adierazi du, bigarren dosia asko atzeratuz gero, txertoekiko erresistente bihurtu daitezkeen birusak sortzeko arriskua hartuko genukeela. “Txertoekiko erresistentea den birus-andui bat lortu nahiko bagenu, horixe egingo genuke, hain zuzen ere: partzialki immunizatutako giza talde bat birusaren infekzio-gune baten erdian jarri”, gogorarazi du.
Sor ditzakeen arazoak ikusita, ikertzaile batzuek hirugarren aukera bat aipatu dute dosiak aurrezteko: dagoeneko COVID-19a gainditu duten pertsonak txertatu daitezkeela dosi bakarraz. Agian, haientzat nahikoa izango da bakarrarekin.
Erabakitzen dena erabakita ere, gardentasuna eskatu du Britainia Handiko Immunologia Elkarteak. Erabakien atzean dauden ebidentzia zientifikoak denen eskura jartzea ezinbestekoa dela adierazi du. Izan ere, nahikoa kaltetu da jada gizartearen txertoekiko konfiantza, eta konfiantza hori da txertoen arrakastarako gakoetako bat.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia
Proiektu honen laguntzaile izan nahi baduzu,
harpidetu. Urtean 28 € baino ez.